1995eko uztailean, armada serbobosniarrak inbaditu zuen Srebrenica –Nazio Batuak eremu seguru izendatu zuen hiria, gaur Bosnia eta Herzegovinean kokatua–, 8.000 gizon eta mutiko musulman bosniar baino gehiago basatiki erailez. Gainerako biztanleak, 25.000 emakume, haur eta adineko inguru, enklabetik indarrez bota zituzten. Urte batzuk geroago, 2007an hain zuzen, izugarrikeria hori, II. Mundu Gerra geroztik izan den sarraskirik handiena Europan, genozidioa izan zela, inongo eragozpenik gabe, ebatzi zuen Nazioarteko Justizia Auzitegiak, Beraz, 30 urte bete dira Srebrenicako masakretik. Ba nere buruari galdetzen diot, Gazako zerrendako palestinarren aurka armada eta erregimen israeldarra exekutatzen ari direna ikusia, nola den posible norbaitek ukatzen ahal izatea gauza bera dela.

Are gehiago: hamarkadadetan zehar enegarren potentziara igotako genozidio bat, palestinar herria sarraskitzeko zehatz-mehatz diseinatutako plan batekin, gerra-zein bake-garaian aurrera eramanaz. Izan ere, gainera, Israelgo Estatuaren historia bera da frogak eta datu guztiak ematen dituena: muturreko espantsionista, NBEren ebazpenak, bata bestearen atzetik, ez betez eta su-eten aldiak zigorrik gabe urratuz. Azken keinua, joan den asteko berria, Nethanyahu Gobernutik bertatik dator: 21 hilabetez zibilen sarraskia, gosete antolatuak eta nahitaezko joan-etorriak izan ondoren, Zerrenda-hegoaldeko Rafahko hondakinen gainean, “hiri humanitario” bat eraikiko dutela iragartzen du, non 600.000 gazatar indarrez kokatuaraziko dituzten. AEBetako presidenteak babestutako proiektu bat da, nola ez! Dena den, zer esan dezakegun alderdien arteko bake elkarrizketak gidatzeaz harrotzen den norbaiti buruz eta, aldi berean, Israeli janari-ilaraetan emakumeak eta haurrak hiltzen jarraitzea baimentzen dionaz? Ez dezagun ahaztu, halaber, palestinar guztiak Gazatik bota ondoren, Zerrenda resort turistiko bihurtzeko haren plana. Miserablea...

Duela 30 urte, Srebrenicako genozidioa, gaur egun, Gazakoa. Ukazioaren aurrean, egitateak.