Zapi gorriak tolestu eta gorde dira datorren urteko Sanferminotan berriz lepo bueltan jarri arte. Eguneko albistegietan izan ditugu jai ospetsu horien gaineko irudiak. Batez ere, entzierroetan lorturiko imajinak izan dira gehien ikusi direnak. Xehetasun guztiekin, kamera motelean ere, ikusi ahal izan dugu zezentzar baten adarraren norabide parabolikoan nola zulatu duen gazte baten kamiseta, jugularretik hurbilegi zegoen punta zorrotzaren arriskuaz ohatu gabe.
Masifikazioak ikusi ditugu behaztopez eta estropezuz beteriko korrikaldi deskontrolatu horietan. Askok bazekiten zer den korrika egitea zezenen aurrean, baina jende gehiena susto handiak, kolpe bortitzak eta arrisku galanta hartzera sartzen da eguneroko ibilbidean. Zoraturik daude!
Halarik ere, Aingeru Guardakoak lan itzela egiten du drama handiagoak gerta ez daitezen. Aurtengo Sanferminetako entzierroetan berrogei pertsona inguru zauritu eta eraman dituzte bertako ospitalera, eta horien artean, adarkaturik bost baino ez. Aurten ere, genero indarkeria kasuak aipatu behar dira, eta horrexegatik, akaberako balorazioan hori ere nabarmendu nahi izan da, benetako festak horrelako ekintza biolentorik gabekoak izan behar baitira.
Ni Sanferminak hasten diren urte guztietan, hain justu festa abiatzen den lehen egun horretan, aspaldi batean gertatu zen istorio eder batez gomutatzen naiz. Hain zuzen ere, uztailaren 7an, 40 urte bete ziren Iñaki Pikabeak eta Joseba Sarrionandiak Martuteneko espetxean Imanol kantariak emandako kontzertu betarako erabilitako bafletan ezkutatuta ihes egin zutela. Gero, albisteak eztanda egin zuen, recuento generalean (Kortaturen Sarri-sarri kantak dioen bezala) bi kide falta zirela jakin zenean.
Harrezkero, ihesaldi ia zinematografiakoa Euskal Herriko kolektibitatean atxikirik lotu da urteetan, eta hala segituko duelako nago, Sarri-sarri abestia espetxeetan sistemak ezarritako salbuespenezko egoera larri horren kontrako kanta bilakatu baita.
“Sarri dio herriak txanpainaz ospaturik Iruñeko entzierroa desentzierroa hemen zapi gorriak zerua du estaltzen”.