Ez da berri hain berria. Ez da albiste, jada. Edo bai. Behin eta berriz harritzen gaitu jakiteak, emakumeen ia %50ak jasan duela jazarpena, gutxienez behin, bere bizitzan.

Ez da, ez, berria. 2014an, jada, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziak argitaratu zuen txostenak jakitera eman zuen emakume europearren erdiak baino gehiagok jasan duela sexu jazarpena. Hirutik batek pairatu dituela eraso fisikoak edo hitzezkoak. Eta % 34ak bakarrik salatzen dituela gertaerarik grabeenak.

2020an Espainiako datuak ezagutu genituen. 16 urtetik gorako emakumeen erdiak baino gehiagok jasan dutela indarkeria. 2022an, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseak jakitera ematen zuen, sexu jazarpena jasaten duten emakumeen % 40ak ez duela partekatzen gertatu zaiena, eta ez dutela salatzen. Jakitera eman zuten baita ere, emakumeen % 80ak jasaten duela sexu jazarpena sare sozialen bidez. Gurera etorrita, emakumeen ia % 50ak sexu jazarpena jasan duela gutxienez bizitzan behin esan digutenean, harritu egiten gara. Nik ETBren bidez jaso dut berria. Aurkezleak hiru modutan eman zuen datua: emakumeen ia % 50ak, 10etik bostek, bitik batek. Txantxa egiteko modukoa iruditu zitzaidan. Bazirudien, esan ahala, kopurua gero eta handiagoa zela. Datuan baino azpimarra handiagoa egin zuen, ordea, aurkezleak, datuak ez zituela herritarrak harritu esatean. Eta jasotako lekukotzek hala agertu zuten. Guztiz ohikoa dela jazarpenen bat jasan izana.

Emakumeak hain naturaltasun handiz ikusi nituenean mikrofonoaren aurrean jazarpenari buruz hitz egiten, pentsatu nuen, orain badela momentua. Badela momentua, aho bilorik gabe, jazarpen matxistaren memoria(k) idazten hastekoa. Jazarpena zer den argitzeko (oraindik tolestura artean ihes egiten jarraitzen baitugu, oraindik jarrera asko eta asko defendatzen) eta gizarteratzeko, eta salatzen ez diren egoerak, errealak eta egunerokoak direnak, ezagutu eta partekatu daitezen. Ez gaudela bakarrik eta ez zaigula guri bakarrik gertatzen jakin eta senti dezagun.