Badajoz-eko 40.000 biztanleko herri batean gertatu da. Udaletxeak herritarrei mezu bat bidali nahi izan die eta, horretarako, ChatGPT erabili du. Mezua sare sozialetarako moduan prestatzeko eskatu dio chabot-ari, estilo zuzena erabiliz. Horraino, dena ona. Erantzuna argitara eman duenean, ordea, ChatGPT bidez prestatutako testua erabili du eta, baita ere, adimen artifizialarekin izandako elkarrizketa eta honek eskatzaileari egin dion proposamena ere. Kopiatu eta itsatsi egin du erantzuna, irakurri ere egin gabe. Udaletxea barregarri geratu dela esan dute herritarrek. Tankera horretako albiste erraz bat idazteko, zertarako behar ote zuten adimen artifiziala. Barregarri sentiarazi dituena ChatGPT erabili izana izan da edo, zehazkiago esateko, ChatGPT erabili dutela jakitera eman izana. Adimen artifizialari dei egin izana ezkutuan gorde beharreko zerbait bailitzan.

Enpresa askotan, ordea, adimen artifiziala erabiltzeko ikastaroak eman dizkigute gure lana errazteko, lana bizkorrago egin dezagun eta baita akatsak ekiditeko. Bezeroei erantzuteko ere erabiltzen hasiak gara, jada. Izan ere, bizkorrago erantzuteko aukera ematen du, bezeroarekin aurretiaz izan ditugun elkarrizketak kontuan hartu ahal ditugu eta gure idatz estiloa erabiliz erantzun dezan ere eska dezakegu.

Arazoa da, nire ustez, makinak esaten digun edo proposatzen digun hori ezbaian ere ez jartzea. Zuzenean onartzea eta irakurri ere egin gabe, itsuan, esaten diguna argitaratzea. Adimen artifizialari gure ordez agitzen uztea, alegia. Barregarria baino areago, kezkagarria dela esango nuke nik ChatGPTari testua apailatzeko eskatu eta erantzuna egokia edo zuzena den aztertu ere egin gabe, argitaratzea erabaki duen teknikariaren jokaera. Eta herritarrek teknikariaren jokabidea ez salatzea.

Ustezko tranpa egiten harrapatu izanak areago kezkatu ditu, teknikariaren erantzukizuna makina baten eskuetan uzteak baino. Utzikeria medio, udalaren izenean, adimen artifizialari nahi duena esateko boterea eman izanak baino.