Israel estatu genozidaren kontrako higuina dagoeneko maila guztietan ematen ari da, berak sostengatzen duen egoera kriminalak ez baitu ez bururik ez hankarik ere. Su etena ezinbestekoa da, eta agindutako masakrearengatik Benjamin Netanyahuk kartzelan egon beharko litzateke.
Egunotan albiste ederra izan da Bartzelonatik Gazako zerrendarantz, bertan Israel burutzen ari den basakeria geldiarazteko eta laguntza humanitarioa emateko asmoz, abiatu den Global Sumud Flotillako itsasontzien indarra.
Mediterraneo itsasoan dira jada, eta bidaian zehar beste txoko askotatik itsasoratuko diren beste ontzi batzuek bat egingo dute talde horrekin, helmuga argia baita, zerrendako biztanleei laguntza eta beroa ematea. Horren aurrean, Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministro estremistak terroristatzat hartuko flotillako lagunak.
Palestinari elkartasuna adierazteko bestelako mobilizazioak ere izan dira aste honetan. Euskal Herriko hiri askotan antolatu dira, eta Bartzelonara ere hainbat autobus joan ziren itsasoratze berezi horri hauspoa emateko, eta Israelen jokabidea gaitzesteko.
Salaketa eta elkartasuna adierazteko ekimen bera gertatzen ari da Espainiako Vueltan Israelgo Estatuaren enbaxadore gisa aritzen den Israel Premier Tech txirrindularitza taldearen kontra. Espainiako Vuelta Euskal Herrian dago eta hori nabaritu da aldarrikapen masiboetan, eta hala, Palestinaren aldeko ehunka bandera ikusi ditugu bide bazterretan, zaleen eskuetan, bai eta Genozidioari Stop , edota Genozidiorik gabeko kirola zioten pankartak ere.
Atzoko etapan -Bilbon izan zen irteera eta helmuga- gauza berea gertatu zen, baina guztiz biderkaturik. Gernika-Palestina herri plataformak elkartasuna adierazteko eta protestak antolatzeko deialdia egin zuen, eta euskal ikurrak, Palestinako banderak, eta genozidioaren kontrako aldarrikapen idatziak nonahi ikusi ahal izan ziren.
Beste inork baino hobeto, Euskal Herriak badaki salatzen.