Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Juanra Madariaga

Nepal

NepalEuropa Press

Nepalgo biztanleak, eta bereziki gazteak, ernegaturik daude, eta kalera atera dira. Nazkatuta daude sistema eta elite politiko ustel batekin; nazkatuta bertako agure ministroak estamentu politikoetan txandaka ikusteaz, herrialdea arpilatzeko beti prest; nazkatuta gobernantza txarragatik, klientelismoagatik eta modu ia kleptomanoan herrialdeko baliabideak politikarien probetxurako ustiatzeagatik; nazkatuta atzerrira lanera joatea beste etorkizunik ez dutela sentitzeaz; nazkatuta duten ametsa gauzatzeko trabak baino ez dituztelako topatzen. Erabat nazkatuta daude hango gobernuarekin.

Sentitzen duten haserreak eta ezkortasunak bultzatuta, horietako askok Katmanduko kaleak hartu dituzte koleraturik egun hauetan, politika berriak eskatzeko eta betiko korruptoak ministerioetatik kentzeko.

Manifestazioak bortizki isilarazten saiatu da polizia, eta 20 hildako inguru izan dira, denak gazteak. Drama horrek errebueltarako deia zabaldu du, eta harrezkero, Nepal sutan dago. Katmandu hiria indarkeriaz betetzen zen bitartean, Sharma Oli lehen ministroak dimisioa eman zuen asteartean, baina horrek ez zuen baretu populuaren amorrua, eta ministroen etxeak, luxuzko hotelak, parlamentuko eraikinak eta jauregiak kiskalita amaitu dira. Erabateko kaosa dago.

Ejerzituak kontrola hartu du, eta antza, kontua amiñi bat baretu da. Orain hainbat alderdi hasiko dira elkarrizketa zabalean, beren aldarrikapenak eta proiektu politikoak mahaigaineratzen, denen artean hauteskundeak deitu arte.

Hirietatik kanpo dagoen giroa bestelakoa da. Himalaiako mendietan lasaitasuna da nagusi. Elur ekaitzek zuritzen dituzte malda pikoak, eta post-montzoiak urdin-guneak zabaltzen ditu zeruan. Nekazariak ortuetan ari dira azken uztak batzen, eta herrietako eskoletako umeak Resham firiri kantatzen ibiliko dira seguruenik.

Halarik ere, herri horrekiko maitasuna dugunon artean kezka eta tristura handia da, etorkizun hurbila inkognita baita. Ea dena bide onetik doan, eta berriz betiko arima eta indarra eskuratzen dituen Nepalgo herriak.