Ez dakit zer pentsatuko duten oraintxe, La Vuelta-ko gorabehera guztiak ikusi eta gero, Madrileko ez-bukaera tartean, Bilboko etaparekin hain asaldatuta agertu zitzaizkigun agintari jeltzaleek. Agian damututa ibiliko dira genozidioaren aurkako protestek gora egin baitute egunetik egunera leku guztietan, eta protesten aurka agertu direnak Espainiako politikari ilun, doilor eta eskuindarrenak izan baitira; Ayuso andreak berak erakutsi zigun kirola eta politika ez dugula nahastu behar Israel-Premier Tech taldea ziztu bizian bisitatzera joan zenean.
Uste dut jende gehiena nazkatuta dagoela Gazan gertatzen ari denarekin. Uste dut jende gehienak ezin dituela burutik kendu goizero iristen zaizkigun irudi gero eta larriagoak. Uste dut jende gehienak ezin duela ulertu nola ez den ezer egiten sarraskia gelditzeko. Uste dut jende gehienak badakiela zer gertatu zitzaien Errusiako kirolari eta artistei, eta zer ez zaion gertatzen ari Israeli. Konparazioak gorrotagarriak izango dira, beharbada, baina kasu honetan mingarriegiak.
Protesten aurka erabili diren argudioak ezin zekenagoak izan dira: traba egin omen diote ikuskizunari eta abar, protesta guztien helburua eguneroko normaltasuna etetea ez balitz bezala, delako arazoa, Gazako genozidioa kasu honetan, ororen gainetik jarri ahal izateko. Indarkeriaren argudioa ere jarri da mahai gainean, gauza benetan absurdoa, inork ezin baitu sinetsi banderak astindu, hesiak bota eta errepidera ateratzea ekintza benetan biolentoak direnik. Ondorioz, protesta egin dutenen kriminalizazioa dator: jendaila da, gizatxarrak, istilu-sortzaile baino ez. Uste dut jende gehienak gehiegikeria horiei berehala atzematen diela gehiegikeria. Protestak kritikatu egin daitezke, noski, adierazpen askatasuna hor dago, baina baliogabeturik gelditzeko arriskua dago neurriz kanpo egiten direnean. Irakurri berri dut Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren ustez (UCI, frantsesez) La Vuelta-n gertatu dena espiritu olinpikoaren aurka doala. Palestinan ibiliko da lasai asko espiritu olinpikoa. Barre edo negar, ez dakit zer egin.