Beharbada ni naiz arazoa eta mundua beste bihotz batekin sentitu beharko nuke. Aitor dut zinema gustatzen zaidala baina ez naizela jarraitzaile sutsua, nahiz eta beti hurbiltzen naizen. Eta aurten, sarrera batzuk hartu izanaz gain, asteburuan hainbat ekitalditara joatekoa naizela, baita inaugurazio ekitaldia jarraitzekoa ere. Azken hau, ETBren bidez. Ilusio berezia nuen aurtengorako, edizio hau mugarritzat jo delako: sekula baino euskal film gehiago aukeratu eta Sail Ofizialean inoiz baino euskarazko lan gehiago izango direlako. Bengoetxea Kultura Sailburuak esan du gure zinemagintzak munduarekin solas egiteko lengoaia propioa sortu duela eta euskal zinemagintza, garenaren eta izan nahi dugunaren alde egitea dela. Ideia horiek partekatzen ditudalako jarri nintzen telebista aurrean, munduari irekita dagoen zinemaldiaren leihotik euskal mundua nola erakusten den ikusteko irrikaz.

Hala ere, 15 minutu besterik ez nituen egin.

Itziar Ituño, Silvia Abril eta Toni Acosta aktoreen sarrerak hotz utzi ninduen. Goya sarien aurkezpen ekitaldian ari zirela esanez hasi ziren, broma zela adierazi nahiz, noski. Baina ez zen inondik ere broma bat. Kursaaleko zinemaldiaren aurkezpen hark Madrilen ere berdin funtzionatuko zukeen. Erabilitako umorea, erreibindikapenen lengoaia eta gaiak azaltzeko modua ez ziren batere “euskal” izan. Ez dakit gidoia nork idatzi zien.

Eta telebista itzali nuen, Abril eta Acosta aktoreek, batak gangarrarena eginez eta besteak tontarena (emakumeen ahalduntzea erreibindikatzen duten artistak, oraindik ere, rol hauek jokatzen?) euskaraz ulertzen dutela esan zutenean. Espainolez esaldi bat bota zuen aktoreetako batek, ustez euskaradunok erabiltzen dugun euskal azentuarekin.

Umiliatua sentitu nintzen, oso. Barre egiteko erabili gintuztelako, beste behin ere.

Beharbada ni izango naiz arazoa. Baina ez mindua sentitu zen bakarra. Hori dela eta eskatzen diot Donostiako zinemaldiari, munduari garenaren berri emateko. Erregutzen diot gure hizkuntzaz, kulturaz eta jendarteaz ez trufatzeko.

Eskatzen diot ez dadila Goya sarien erreplika kulturala izan.