Mundua arinegi aldatzen ari da, eta hipermodernitatearen erruz era globalean ikusten dugu guztia sare sozialen bidez. Gure begien aurrean dagoenak ez dauka garrantzirik, baina besteek sareetan agerrarazten dutenak bai.
Antoine de Saint-Exupéry idazle frantsesaren Printze txikia lan arrakastatsuan, amodioaren eta adiskidetasunaren garrantzian sakontzen horretan, dio “Bihotzarekin baino ezin da ikusi ondo. Esentziala dena ikusezina da begietarako”. Horrek esan nahi du gauzen benetako balioa ez dela beti agerikoa. Begiek engaina gaitzakete, bai, baina ez bihotzak.
Gaur egun ostera hauxe entzuten da, “esentziala dena ikusezina da zure telefonoaren pantailan”. Batzuetan gure egunak pilotu automatikoarekin bizi ditugu zereginak betetzen, leku batetik bestera korrika, arazoak konpontzen, eta dena, modu robotikoan, telefonoari begira, teknologiaren hatzaparretan preso.
Gure denbora besten Influencer horien iritziekin betetzen dugu. Pertsona sasi-ospetsu horiek jarraitzaileen talde bat dute sare sozialetan, eta jarraitzaile horiek lidertzat edota pertsona karismatikotzat dute morroi hori botatzen dituen mezuengatik. Baina gaur egun, milioika pertsonak sortzen dituzte edukiak, denek dakite gai guztiei buruz, denek esaten dute gauza bera, denek egiten dituzten parodia berdinak, denek dute arrazoia. Homogeneitatea heldu da, eta badirudi luzerako etorri dela.
Sare sozialetako pertsona sasi-famatu horiek guru batzuk dira beste askorentzat erakusten duten bizimodu erakargarriagatik. Ospea hartzen dutenean enpresa askok, publiko zabalago batengana heltzeko helburuarekin, kontratatzen dituzte beren markako produktuak sustatu ahal izateko. Irabazi harrigarriak izan ditzakete.
Hiperrealitatea erakargarria da askorentzat, eta sareetako erabiltzaileek beren irudia sustatu behar dute, benetako esperientzia hor erakutsi behar delako, bestela ez zara inor.
Agian ez gara pertsona osoak, esentziala dena ez dugulako ikusten.