Aitortu behar dut egunkarian irakurritako albiste baten titularrak aspaldi sentitzen ez nuen ezintasuna sortarazi didala. Joan den astean Bilbon egindako jardunaldi mediko batzutan 900 espezialista baino gehiagoren aurrean zabaldutako azterlanetan ondorioaz ari naiz, zera, pediatriako larrialdietan, antsietate eta agresibitate krisiak, suizidio saiakerak, autolesioak eta haur eta nerabeen beste patologia psikiatriko batzuk in crescendo doan konstante bat dela. Hamarkada bat baino gutxiagoan, oro har, fenomenoa bikoiztu egin da, eta kasu konkretu batzuetan, laukoitza gainditu dute. Nolanahi ere, horren guztiaren eragina gaixoen bolumenetik askoz harago doa, zeren eta bakoitzak arreta denbora gehiago, baliabide espezifikoak eta etengabeko -zerbitzu-koordinazioa eskatzen baititu.
Gainera, gehitu behar zaizkio horri, esku-hartze horien ondorioz, adingabeen aurkako detektatutako indarkeria-kasuak, sexu-indarkeria barne, eta eskola-jazarpenarekin eta sare sozialen eta teknologia berrien inpaktuarekin lotutakoak. Profesionalen artean kezka izugarri handia dago. Alde batetik, jakin badakitelako hori ez dela zergati bakar baten ondorio, eta horrek, lehenik jada, zaildu egiten du benetako tragedia horri ab initio ekiteko ezinbestekoak diren prebentzio- eta koordinazio-ekintzak egituratzea eta abian jartzea. Eta, bestetik, diagnostiko medikoa erraz egiaztatzen den arren, benetan zaila dena gero datorrelako, larrialdietako alta medikoa jasotzen duten unetik aurrera. Ez dugu ere fenomeno lokalizatu bat, Europa osoko haur- eta adingabeei berdin eragiten die. Zein egoera triste, zein panorama latza...
Sentitzen dudan ezintasunaz ari nintzen lehen, beldurra gehitzen diot orain egokitu zaigun mundu erotuaren zurrunbiloak berarekin eramango ote gaituen, gero eta haur gehiago, gero eta gazteagoak, izango direla normaltzat hartzeraino, garrasika laguntza eske pediatriako larrialdietara doazenak ia hitzik esan gabe. Eta zenbat izango dira ate horretara jo ez dutenak? Umeak dira, Jainko maitea!