Síguenos en redes sociales:

Prentsa oharrak

Puerta de los Canónigos: excavación arqueológica en la trasera de la Catedral de PamplonaIban Aguinaga

28

Kalonjeen atea agertu da lur azpian, katedralaren iparraldean, harriz hormatua, itxita. Mehar xamarra da zabaleran eta luzea garaieran. Goi Erdi Arokoa da jatorriz, Pompelo garaiko geruzaren gainean eraikia.

Iruñeko Udalak xehetasun guztiak eman ditu prentsa ohar ofizialean, honako hau ere nabarmenduta: “datuak baieztatuz gero, atea Goi Erdi Aroko gertakari historikoen parte izan zela uste da, hala nola Karlomagnoren etorrera 778. urtean eta Abderraman III.aren etorrera 924. urtean”. Ez dakit zer dela-eta aipatu duten hori, delako buruzagi horien “etorrerak” ateari zilegitasuna emanen balio bezala. Dena den, behin bi gizon ospetsu horiek hizpidera ekarrita, prentsa oharrak aipa zezakeen, konparaziora, biak ere guztiz asmoz gaitoz iritsi zirela gurera; lehenak hiria erraustu baitzuen, eta bigarrenak, Iruñea armaz hartu, garai haietako armada ahaltsuenen buru baitziren. Eta zergatik ez aipatu, adibidez, Abderraman III.aren kronikariak bi gautza labur baina arras adierazgarri idatzi zituela arabieraz iruindarren inguruan.

Batetik, “Iruñeko biztanleak pobreak dira, ez dute aski jaten eta bideetan lapurtzen aritzen dira” (ikusten da ahaltsuaren begietan, etsai txikia beti lapurra dela). Eta bertzetik, “gehienak euskaraz mintzatzen dira (al-baskiya, idatzi zuen) eta horregatik ez zaie ja ere ulertzen” (euskara ulergaitz delako topikoaren hasiera). Prentsa oharrak, gainera, ez zuen jaso alkate jaunak hitzez adierazitakoa: “Atea baskoien herrixkaren gainean eraikia…”. Udalak, bertzalde, xehetasunez beterik azaldu du bertze prentsa ohar batean nola eraberrituko den Alde Zaharreko Santa Ana Plaza; halako batean, Kondestable jauregian aurkitutako hilobi “bisigodoen” aipamena eginda. Jakina denez, hilobiok ez dira bisigodoak, baskoiak baizik. Baten batek erakutsi beharko lieke hori udaleko prentsa arduradunei.