CAF enpresak argitaratuko agiria irakurri dut arretaz euskarazko bertsioan. Hasieran nazioarteko erakunde publikoek zein pribatuek Jerusalemgo tranbiaren proiektuari emandako oniritziak bilduta daude, baita enpresak berak giza eskubideak errespetatzeko hartu dituen neurriak ere, geroago tranbiak ekarritako onuren zerrenda luzea dator. Aspertu samar nengoen, baina bat-batean esaldi hau irakurri nuen: “Eskura ditugun mugikortasun-datuek erakutsi dutenez, komunitate arabiarreko kideak dira tranbia gehien erabiltzen dutenak...”. Egia esan aurretik agertzen ziren “komunitate” eta “komunitate zaurgarriak” hitzak irakurtzean argi gorri moteltxo bat piztu zitzaidan, baina komunitate arabiarrarenak indartu zuen hasierako susmoa: CAFek Israelgo Estatuko hizkera darabil argi eta garbi, Israelgo Estaturako palestinarrak ez baitira existitzen, palestinarrak ez dira palestinarrak, arabiarrak dira eta kito. Kontratazioaz mintzatzean, berriro errepikatzen da kontua: “langileen % 25 inguru dira arabiarrak”. Arabiarrak, ez palestinarrak. CAFek bere egiten du Israelek ezarri duen hizkera. Ez dut uste kasualitatea denik, Israelek ederki zaintzen baitu azalekoak diruditen baina funtsezkoak diren ideia, kontzeptu eta hitzak. Ziur naiz CAFekin sinatutako kontratuetan hori guztia agertzen dela. Bukaeran CAFek berresten du giza eskubideekin duen konpromisoa eta abar, baina itxuraz ñimiñoa den xehetasun horrek diskurtso osoa baliogabetzen du nire ustez, lurralde baten okupazioa eta okupazioa burutu dutenen hizkuntza ontzat ematen baitu.
Agiria Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Bulegoaren txostena argitaratu baino lehenago atera zuen CAFek, aurreikusten zuelako (agirian bertan esaten dute) Zisjordaniako legez kanpoko kokalekuetan lan egiten duten enpresen zerrendan egongo zela. CAFek ez du Zisjordania hitza erabili, jakina. Pentsatu nahi dut Nazio Batuen erakunde horrek, Pradales lehendakariak eskatu bezala, demagogia erabili gabe eta hausnarketa etiko sakona egin ondoren plazaratu duela txostena. Nik gauza bera egin dut hau idazteko.