Denbora, urrea da? Urrea zaigu? Nanosegundoko ekonomia politikoa. Aldaketa eta haustura uneetan bizi gara denboraren aldaketan. Garai azkar eta likidoak bizi ditugu, guztiz arinak eta zatigarriak. Guztia beste abiadura batean doala iruditzen zaigu. Denboraren pertzepzioa aldatu egin da. Gero eta bizkorrago bizi gara, eta, batez ere, ekonomiaren eta finantzen arlotan. Nahiz eta agian perzepzio subjektibo bat besterik ez den. Ez dakit benetan. Ez dakit kapitalismoagatik, teknologiaren aurrerapenagatik edo industrializazioagatik, agian, ziurrenik 3rak batera? Baina bistan da eutsiezinezko erritmoetan bizi garela. Hemen eta orain nago enpresa handiek markatzen dutela erritmoa; aldiz, balioak, demokrazia eta administrazioa oso zaharkituta geratu zaizkigu. Gehiago esango nuke, demokraziak teorizatua eta pentsatua izan den bezala, eta estatu nazioak, jada ez dute balio egiturazko arazo hauek kudeatzeko.

Pentsatzen dut hainbeste ziurgabetasun dagoela demokrazia liberalean estatu modua aldatu delako, eta ez dakit konbertsio hori, minbizi totalitarioa susmoa duen hori, Trump, Putin, Milei, Bolsonaro, Abascal, Meloni, Orban, Lepen, Aznar, Rajoy, Netanyahu, Xi Jin Ping, Erdogan, Masoud Pezeshkian, Mohamed VI e.arrengaitik izan daitekeen. Erronkei aurre egiteko kudeaketa eta antolaketa modu berri bat eraikitzeko gai gara? Gaur mundua inguratzen duen ziurgabetasunari buruzko gogoetak darabilzkit itzuli-mitzulika, non neoliberalismoak ekonomiaren mundua zeharkatu baitu politika bera menderatzeko, algoritmoaren eta nanosegundoaren bidez. Feudalismora itzuliz, nahiz eta gu geu ez ohartu. Ondorioz demokrazia eta ongizate-estatu gutxiago eta aldiz pobrezia handiago eta orokorragoa. Ze abiaduratan dena! Balirudike unibertsoa bera azkartu dela, egin zaigula. Eta susmoa daukat hori guztia herritar arruntoi ihes egiten zaigula, gutxi batzuek kontrolatzen dutela denbora. Zeren, kontrolatzen ote ditugu geure bizitzaren erritmoak? Benetan? Ez dakit. Baina egia da denbora urretzat dugula?