Balkoia ireki eta hantxe daude parean bi-biak, elkarri begira, desafioan. Zortzi bat urtetik honat daude hantxe zut ondoko etxean, Kataluniako “proces” hark goia jo zuenetik. Estelada agertu zen lehenik, bertze balkoi batzuetan bezala eta, handik gutxira, Espainiakoa (monarkikoa). Esteladak pixkanaka desagertu ziren, Kataluniako hura ahultzearekin batera. Ikurrinak ere bere aldia izan zuen eta oraindik ere ikusten dira, baina ez da garai bateko olde hura.

Gero, Nafarroako oihalak agertzen hasi ziren ikurrinen ondoan, hau da, balkoi berean, biak. Bertzalde, Kordobillako berri-paperak Nafarroako bandera eta armarri ofizialak banatu zituen Uxue Barkosen gobernuari kontra egiteko eta, urte batean edo bitan, maizko ikusi ziren, auzoaren arabera. Diputazio ondoko etxe ezagun batean horrelako bat dute, inoiz kendu gabe, baina ez da agertu etxe horretan aspaldian bandera espainiarrik. Presoen aldeko “giraldillak” ere urtetan agertu ziren balkoietan, franko. Orain, berriz, “etxerat” ekimenaren oihala toki bakanetan.

Osasunaren banderak ere izan zuen bere loria; behin baino gehiagotan, gainera, gorritxoek balentriaren bat egin zutenean. Nire inguruan, Osasunaren bat bakarra dakusat, Jesus Haurraren oihalaren ondoan. Azken oihal hori parrokiek banatzen dute eliztiarren artean Eguberrietarako, eta gehien-gehienak Errege Egunaren ondotik kentzen dituzte. Bidenabar erranik, Osasunaren bandera dagoen etxearen pareko eraikinean, Nafarroako kateak ageri dira solairu batean (Nafarroako armarri herritarra, zehazki) eta, bi solairu gorago, piper-poto bat, arras koloregabetua, denboraren poderioz.

Tarteka, bertzelako oihalak ere ikusten dira, baina, duela bi urtetik honat, bandera bat nagusitu da erabat balkoietan, palestinarren aurkako genozidioa salatzeko. Lau kolore, beraz: zuria, berdea, gorria eta beltza.