2024ko urrian, Mendebaldeko Saharako baliabide naturalak ustiatzeko EBren eta Marokoren artean sinatutako azken merkataritza-akordioen inguruan Fronte Polisariok aurkeztutako auzian, ebazpena eman zuen Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak. Epai historiko horrek nabarmen adierazi zuen aipatutako akordioak zuzenbidez baliogabeak direla, baliabideen jabe legitimoaren -Saharako herria- baimenik gabe sinatu izan direlako. Ba, joan den urriak 3an, saharartiarren aurkako enegarren traizioa sinatu du EBk, Europa–Mediterraneoko Elkartze Akordioaren zuzenketa bat aurkezten, Mendebaldeko Saharatik egiten diren nekazaritza eta arrantza esportazioek Europako merkatura marokoar balira bezala sartzen jarrai dezaten.
Zuzenketa, ez Europako Parlamentuari ezta Merkataritza Batzordeari ere jakinarazi izana, formalki akordioaren “egokitzapen tekniko” gisa aurkeztu bada ere, 2021eko eta 2024ko EBJAren epaiak desitxuratzen ditu argi eta haien edukia guztiz desnaturalizatzen du. Hori bai, saharar errefuxiatuentzako laguntza humanitarioa handitze inportantea eta hezkuntza zein garapenerako programak finantzatzea iragarri du Bruselak, baina neurri horiek guztiz independentea dira akordioarekiko, ezin dute ordezkatu saharar herriaren derrigorrezko baimena ezta natural-baliabideen ustiapenetik eratorritako onuratzat onartu ere, EBJAk berak espresiki ezartzen duen bezala. Horrekin, EBk ez du soilik muzin egiten Mendebaldeko Sahara Marokoko okupazio ilegala salatzeko duen betebeharrari, aitzitik, modu aktiboan parte hartzen du bertan. Hala ere, Israelek mantentzen duen Gazako zein Zisjordaniako indarrezko okupazioa gogor gaitzesten du, hau lotsagabekeria.
Maroko, satrapa baten neurriko larderiazko erregimen bat, benetako bolborategia da gaur egun, bai bere kaleetan bai botere-zirkuluetan ere, zeinak, hegazti sarraskijalek bezala, larri gaixorik dagoen Mohamed VIren inguruan hegan baitabiltza, gehiegikeri-bizitza osoaren ondorioen halabeharrezko biktima. Eta Europa, horra hor konpartsa gisa. Cui prodest?