Eskutitz bat jaso dut aurreko aste honetan, Lian Monserrat (Estatu Batuak, 1981) kale artistarena. Muralista da bera eta etxebizitzen fatxadei bizia ematen dihardu azken 25 urtetan. Lianek esaten daki, lekuek harrapatu egiten dutela. Beste bizitza bat izan dezaketela iruditzen zaion espazioak aldatze bidean jar ditzakeela pentsatzeak barrutik mugitzen duena.

Ondarroara heldu zenean, eta Kamiñazpi auzoa ezagutu, berehala bururatu zitzaion ideia: aire libreko museo bat eraiki zitekeen han. Udalari planteamendua egin zion, eta udalak onartu. Margotu zuen lehenbiziko muralak, mundu mailako hirugarren saria irabazi zuen. Hurrengo urtean, beste bi muralista ezagun ekarri zituen Ondarroara eta emaitza: mundu mailako lehen eta zortzigarren sariak eskuratu zituzten. Ondarroa, munduko mapa mundian kokatu zuten artistok.

Lian-ek dio, aurtengorako ere, beste bi muralista ekartzeko asmoa zuela. Baina udalak ez dituela muralistek erabili beharreko fatxadak aukeratu eta, beraz, proiektua geldituta dagoela. Ez dakit gehiago. Gutunean datorrena bestetik. Beraz, ezin dut ez iritzik eta are gutxiago epairik eman.

Baina bai egingo dudala kaleko artearen, artistei zor zaien errespetuaren eta tankera honetako proiektuek gaurko gure Euskal Herrian izan beharko luketen presentziari buruzko aldarrikapena.

Kaleko artea elkarrizkerako gonbitea da, hausnarketarako akuilua. Kale espazio anonimoak gure tasunez janzteko estakurua: tradizioa abangoardiarekin, herriko pertsonaiak eta lanbideak ezagutzeko, garen hori inmortalizatzeko edo eta belaunaldi ezberdinen arteko transmisioa gauzatzeko.

Aire libreko museoa guztion museoa da. Egunero gozatu eta bizi dezakeguna. Kolektiboa. Garenaren ispilu. Kanpotik datozenentzeko aurkezpen txartela. Espiritualtasun handikoa. Finean, barrutik aberasten gaituen kanpo begirada.

Lian-ek agertutako trabak gainditzea espero dut. Omako basoa askatasun eremu artistiko paregabea baldin bada, Ondarroako Kamiñazpi ere antzeko zerbait bilaka litekeelako. Bisioa besterik ez da behar. Eta askatasun intelektualerako egarria.