1975ko urriak 31an, Marokoko armadako unitate korazatuak indarrez sartu ziren Mendebaldeko Saharan, Espainiako 53. probintzian. Erasoaldia aurrera egin ahala, Hassan II.k Martxa Berdea sustatu zuen, mobilizazio baketsua gisa aurkezturik izan arren, inbasio militarrarekin paraleloan eta koordinatuta antolatu zena. Espainiako Estatu-Buruzagitza, Franco hilzorian eta Juan Carlos Borboikoa buru zuela, alde batera egin zuen sahararrak bertan behera utziz.
Jazarri, erbestera bultzatu eta fosforo zuriz bonbardatu zituzten basamortuan zehar oinez egindako ihesaldian, Tindufera iritsi arte, Aljeriako hamadan. Eta hor jarraitzen dute, milaka. Aste honetan 50 urte bete du holako ignominiak eta, Espainiak, Mohamed VI.ren erregimenaren interes espurioei salduta, haren kolonia izandakoaren gaineko erantzukizuna bere gain hartu gabe jarraitzen du, NBEren doktrinak ezartzen duen modura. Eta modu berean, berriro ere Segurtasun Kontseiluaren 2797-2025 ebazpen onartu berriak: hasteko, autonomia plana marokoarra onartzen ez duelako, bi alderdiei –Maroko eta Fronte Polisario– horren oinarrian negoziatzea eskatzen die soilik, beraz, biok alternatiba hori espresiki onetsi behar dute, ezinezko aukera; berariaz adierazten duelako ere, Mendebaldeko Saharako herriaren autodeterminazioa errespetatu behar duela, Nazioarteko Justizia Gorteak 1975ean aitortutako eskubidea, Segurtasun Kontseiluarentzat edo bertako edozein kiderentzat juridikoki xedaezina den agindua; horregatik lurraldean MINURSOk duen misioaren luzapena dekretatzen da, hain zuzen ere.
Tira, Kontseilu zatiturik batean, Saharako nortasun marokoarra onartzen ez duen bozketa engainakor bat, zeinaren estatus juridikoa autodeterminazio eskubidearen mendeko lurralde batena izaten jarraitzen duen. Gainerakoa, berriz ere, propaganda hutsa, baina oraingoan neurrira egindako jantzi batekin.
Duela 50 urte lurra indarrez kendu zieten, inola ez haien duintasuna eta determinazioa. Saharar herriaren borroka, zutik, nerea ere bada. Eta askoz gehiagoena. l