Aurreko astean, Euskalgintzaren Kontseiluak “Euskaltzaleon garaia da” izenburua zeraman adierazpena irakurri zuen Arantzazun. Mundua euskaraz pentsatzeko, gozatzeko eta bizitzeko ekimenen abialekutzat dugun leku espiritual eta sinbolikoan.
Arantzazun irakurritako adierazpena, Pizkundea izeneko kanpainaren aurrekaria da. Euskaltzaletasuna nahi dela suspertu adierazi zen bertan, “euskarari pizkunde berri bat emateko”. Eta helburu horrekin, abenduaren 27ko Pizkundea izeneko ekitaldian, Bilbo Arena bete asmo du Euskalgintzaren Kontseiluak.
Argitaratu nuen lehenbiziko liburuaren elkarrizketan, oso gogoan dut, bukaerako galdera-erantzun laburren tartean, kazetariak zer nintzen areago galdetu zidala: abertzalea edo euskaltzalea. Galdera harekin topo egiten nuen lehenbiziko aldia izan zen eta zer pentsatua eman zidan. Azkenean, areago nintzela euskaltzalea erantzun nion, eta ez abertzalea ez nintzelako, euskarak gehiago behar ninduela pentsatu nuelako baizik.
Gure euskararen historia laburrean ezagutu ditugu susperraldiak eta baita pizkunde garaiak ere. Orain, moteltze edo bidegurutze baten erdian gaudela esaten da. Eta egoera horri aurre egiteko ideiak edo kanpainak ere anitzak dira: Pizkundea edota Jauzia, besteak beste.
Egia da, jauzia emateko edota pizkundea abiatzeko, lehenbizi, euskaltzaleen susperraldia behar dela. Eta, horretarako, gauden motelalditik aterako gaituen arrazoia edota narratiba amankomuna behar dugula. Mugiaraziko gaituen zioa, alegia.
Pizkundea abiarazteko, ordea, daukagun kultura balioan jarri beharra daukagu, garapen intelektual eta humanistikoa bultzatu, eta berrikuntza teknologikoa sustatu, babes ekonomikoa lagun. Izan ere, faktore hauek pentsatzeko modua eraldatzen dute, sormen artistiko eta zientifikoa sustatzen, eta ideia berriak loratzeko behar diren baliabideak eskaintzen.
Abenduaren 27rako deitutako ekitaldian euskaltzale orok parte hartu eta gure kultura balioan jartzen dugula ozen adierazi dezagun. Eta, hortik aurrera, behar dugun Pizkundea edo Jauzia eragingo duten faktoreak landu ahal izango ditugu.