Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Juanra Madariaga

Zigorrak eta golak

Palestinako selekzioa, Bilbora iritsi bezain laster.Pankra Nieto

19

Gizakiak zigortzeko estimuluak edonon topatzen omen dira. Sadismoaren karga handiarekin, zoro batzuek hurkoa desagerrarazteko deliberoa hartu dute, kosta lain kosta. Israel herrialdeak eta Benjamin Netanyahu bere figura kriminalenak palestinarrak hiltzeko determinazioa hartuta dute aspalditik, baina orain, heriotza zigorra aplikatzeko lege proiektu bat ere bideratu nahi dute. Palestinar batzuk terroristatzat hartuko dituzte eta horiei aplikatuko zaie basakeria hori, Gaza osoan burutzen ari den hilketa sistematiko eta masiboei beste ankerkeria sinestezin bat gehitzeko. Israelek goia joa zuela pentsatzen genuenean hor agertu dira sadikorik sadikoenak, eta nahita palestinarren suntsipen fisikoa erdietsi nahi dute.

Bitartean, Palestinan, su-etena indarrean sartu eta hilabetera, gauzak oso gutxi aldatu dira, eta etorkizunak ez omen ditu berri onik ekarriko. Eraso esporadikoek bere horretan segitzen dute, eta Israelek bertako biztanleak, kazetariak eta langile humanitarioak akabatzen segitzen du, munduan gertatu diren gatazketan inoiz ikusi den genozidiorik handienaren bidez.

Gainera sarraskia maila guztietan ematen da. Duela egun batzuk, Zisjordania inguruan palestinarrek dituzten olibondoen adarrak kraskatzen ari ziren kolono batzuen irudiak ikusi nituen. Zuhaitzen kontrako gaztiguan milaka olibondo kaltetu nahi izan zituzten sasikume haiek.

Handik ona, kirolak ekarriko du guganaino Palestina. Egunotan ongietorria egin diote hango selekzioari, Euskal Selekzioaren kontra futbol-partida jokatuko baitu larunbatean. Hunkigarria izan da Loiuko aireportuan taldeari eginiko harrera, dantzari eta txalapartariekin, eta irudi berdinak ikusi dira EHUko Unamuno Ikastetxe nagusira jokalariak heldu direnean.

Guztiok dakigu sinbolismoz beteriko partida bat izango dela, eta Palestinarekiko elkartasuna adierazteko abagunetzat hartuko dutela jarraitzaile askok. Egun horretan Euskal Herriko eta Palestinako selekzioek jokatuko duten partidan golak, alaitasuna eta aldarrikapenak izango dira protagonista, eta ez da zigorrik egongo.