Nire seme nerabearekin hitz egiten dudanean, galderak egiten dizkiodanean, haren erantzunak ia beti monosilabikoak izaten dira. Bai, ez, ondo... Ez du erantzunak garatzeko joera handirik bere amarekin dagoenean, nerabe guztien antzera, suposatzen dut. Pasako zaio, ezta? Hala ere, ezagutzen ditut nik nerabezaroa aspaldi atzean utzi zuten pertsona asko, gehien-gehienak gizonak, nire semearen erantzunen antzekoak ematen dizkidatenak.

Ez dakit izan duzuen inoiz sentsazio hau: gizon lagun baten aurrean esertzen zara, urteak dira elkar ezagutzen duzuela, beraz, elkarrizketaren momenturen batean bere bizitzaz galdetzen diozu, nola dagoen, bere sentimenduez, eta hesi bat ixten sentitzen duzu. Eta ohartzen zara irakatsi zioten maskulinitate ereduak ez zuela emozioei buruzko kapitulurik. Emozioak hor barruan daudela pentsatzen duzu, baina lagunak ez du biderik aurkitzen haiek ateratzeko eta erantzun hotzak, isiluneak baino ez dizkizu eskaintzen. Paper zuriak.

Ate bat irekitzen saiatzen zara, baina horma batekin egiten duzu topo. Gizon askok oraindik ere ondo ikasia daukate sentimenduak ez erakustearen lezioa, besteen aurrean irekitzeak arrisku bezala ikusten dutelako. Beldur dira beraien ziurgabetasun, ahuldade eta zaurgarritasuna agerian geratuko diren. Eta beldur hori txarra da haientzat, euren bizitzari mugak jartzen dizkielako, baina zaila da kudeatzen berengandik zerbait jaso nahi dutenentzat. Uraren kanila ireki eta urik ateratzen ez dela ikustea nahiko frustragarria izaten da.

Gizonek besteen aurrean euren barrua husteko dituzten zailtasunek nerabe bihurtzen dituzte bat batean. Bai, ez, ondo… Nerabeen antzera, baina, ikasi beharko lukete besteen aurrean irekitzean eta biluzik agertzean beti dagoela zerbait galtzeko arriskua, bai, baina irabaziak ere sekulakoak izan daitezkeela. Mundu zabal eta aberats batean sartzeko aukera, besteak beste.