Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Karmele Jaio

Kluba

KlubaEFE

Dua Lipa pop izarrak irakurketa kluba dauka. Ez da oso ohikoa hain arrakastatsu eta mundu mailan ezagun den figura batek halakoak izatea. Bere irakurketa kluba ez da edonolakoa gainera: aukeratzen dituen obrak kalitatezkoak eta gizartearen hainbat arau zalantzan jartzen dituzten horietakoak izaten dira askotan. Batzuk klasikoak, beste batzuk garaikideak.

Tituluen artean, Alana S. Porteroren La mala costumbre, genero disidentzian oinarritutako istorio bat; Tomasz Jedrowski-ren Nadar en la oscuridad, Polonian 80. hamarkadak bi mutikoen arteko maitasun istorioa; Patti Smithen biografia; Gabriel García Marquezen Cien años de soledad; edo Chimamanda Ngozi Adichie-ren azkena, zeinean Afrikako historiaz eta kolonialismoaz egiten duen hausnarketa… Honekin batera, azkenaldian Margaret Atwoodekin egin ditu zenbait elkarrizketa sareetan, haren obrei buruz eta literaturari eta munduaren egoerari buruz hitz egiteko. Dua Lipak 888 milioi jarraitzaile ditu, gehien gehienak gazte jendea. Haietako askok ziurrenik berari esker ezagutuko zuten Neskamearen ipuina obraren egilea.

Algoritmoek eta informazio-kontsumo azkarrak gobernatzen duten mundu honetan, deigarria da, zarata guzti horren erdian, eragin handiko pertsona batek liburuei buruz hitz egiteko tarte bat zabaltzea. Liburuek behar duten “tempo” geldoago eta sakonago horri espazio bat eskaintzea. Bereziki garrantzitsua iruditzen zait gazte askorentzat erreferenteak ez baitira izaten idazle edo akademiako jendea, baizik eta modelo edota futbolariak.

Batek esango du Dua Lipak egiten duena bere irudia hobetzeko estrategia bat dela, edo beste artista batzuengandik ezberdintzeko erabiltzen duela. Zergatik eta zertarako egiten duen alde batera utzita, ezin ukatu kultura publiko zabalari gerturatzeko egiten duen ahaleginak txalo bat merezi duela.

Dena sinplifikatzeko joera duen garai honetan, pentsamendu konplexuago bat elikatzen duen edozein ekimen garaipen bat da.