Nire amak esaten zuen bizitza bonboi kaxa bat bezalakoa dela, ez dakizula, sekula, zer tokatuko zaizun”. Hitz hauexekin hasten da Forrest Gump-en filma, guztion burmuinean iltzatuta gelditu dena. Eta antzeko hitzekin hasi da Kepa Errasti aktorea, birakari egin den Aretxabaletako spot-ean ere: Gabonetan bere ama triste jartzen dela esanez, urtean zehar herrian itxi diren dendariez gogoratzean. Spot-a herriko merkataritzaren aldeko aldarria da. Urtero legez, erakargarria eta ezaguna den ideia bati tiraka eta herritarrak pantailaratuz atondutakoa. Aurtengoan, Kepa Errasti aktoreak Forrest Gump-en atzetik korrikan jarri ditu herritarrak, “zaindu deigun geurie” lelopean. Zoragarria da spot-a eta ausartuko nintzateke esatera, Aretxabaletako herria, herriko dendarien alde egiten duen Euskal Herriko erreferentea dela. Data hauetan, urtero, turroiari bezala zain egoten gatzaizkiola.

Aurtengo leloak, ordea, beharbada Gabonak direlako eta data hauetan nahi edo nahi ez atzera begiratzeko joera daukagulako, behin elkarrizketatzea egokitu zitzaidan dendari batek esandakoa ekarri dit gogora. Dendari izatearen zergatiaz galdetu nion, bere ekarpena zein ote zen. Eta dendariak zalantzan egiteko astirik gabe erantzun zidan, bere bokazioa herritarrei laguntzea zela: “hemen, janaria etxera ordaindu gabe eramaten duen jendea dago, harik eta hilekoa kobratzen duten arte” hasi zen esaten, “etxeko arazoak kontatzen dituztenak eta kontsolamendu bila etortzen direnak ere badira” esanez jarraitu zuen, “janaria nola prestatu dezaketen galdetzen dutenak eta errezetarekin joaten direnak ere bai, edota dirua aurreratzeko eskatzen dizutenak”.

Urtetxo batzuk pasatu dira erantzun hauek jaso nituenetik, janari denda batek banketxe, psikologo edo jatetxe-lanak egiten zituela jakin nuenetik. Baina “zaindu deigun geurie” leloak, gaur egun, beharbada, hain kontuan ez daukagun esaldiaren beste norabidea ez duela indartzen iruditu zait eta, horregatik azpimarratu nahi nuke, “geurie” zaintzea dagokigula, gutxienez, gu zaintzeko prest dauden bezala.