Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Juanra Madariaga

Migratzailearen Nazioarteko Eguna

Migratzailearen Nazioarteko EgunaEFE

Gaur Migratzailearen Nazioarteko Eguna da. Espainiako alderdi zipokari batzuek gorrotatzen dituzte migratzaileek narratiba perbertituarekin, eta aipatu dugun egun hori ospatzeak hazkura emango die. Adibidez, Laudion jaiotako morroi absurdo horren alderdiak dio atzerritarrek aldatu egingo dutela komunitate askoren nortasuna baldin eta kanpotarren proportzioa handituz badoa. Nortasunaz ari dira, espainolkeriaz, alegia.

Baina egun honek migrazioa zaindu nahi du, eta fluxu “seguruagoak, inklusiboagoak eta bidezkoagoak” izateko beharra aldarrikatu nahi du. Izan ere, Nazio Batuek dioten moduan, milioika migratzailek ekarpen ordainezinak egiten dituzte. Europan zahartzen ari diren gizarteetako arazo demografikoetan gakoak izango dira, eta nazio askotako hazkunde ekonomikoa eta bertako garapena dezente berpiztu egin dira esku horiei esker, ultraeskuindar arranpaloek onartu ez eta modu lotsagarrian eta irain espantagarriekin baztertu nahi dituzten horiei esker.

Migratzaile asko jaioterritik ihesean datoz arazo ekonomikoek, gatazka krudel bideraezinek edota hondamendi klimatikoek desplazaturik, eta bilatzen ari direna oso kontu sinplea da: bizimodu berria, segurtasuna, aukera berriren bat.

Pertsona horien istorioak ezagutzen ditugu. Niri akordura etortzen zait Amets Arzallusek idatziriko Miñan liburuko protagonista. Lanak Ibrahima Balde ginearraren bizipenei ematen die ahotsa. Amets Arzallusek Irungo harrera sarean topatu zuen mutil hori, eta hala kontatu zion, anaia desagertu zenean bere atzetik abiatu zen, eta Europarako bidea hartu zuen, “sorterria, familia eta bere bizitza” atzean utzita. Idazleak, Ibrahima Balderen figurari esker, Mediterraneoa zeharkatzen dutenek pairatu behar duten deshumanizazioa oso argi deskribatu zuen. Bide hori infernua da... basamortua gurutzatu, polizia eta bahitzaileekin topatu, eta egarria, gosea, mina sufritu maila sinestezinean.

Arrunkerian eta ezjakintasunean bizi diren batzuek mundu iluna nahi dute, atzerakoia eta xenofoboa. Erdeinua merezi duten horiek ez dute egun hori ospatuko.