Gau batean ondo pasatzera irten eta erailda edo bortxatua bukatu. Tamalez, mundu osoan emakumeek bizi duten arrisku bat da. Duela egun gutxi Barakaldon erail dute emakume bat, antza denez lankide batek erail du, gauez emakumeak bere etxera gonbidatu ostean. Horrelako gertakari batek mezu bat bidaltzen die emakume guztiei. Kontuz. Eta argi dago “kontuz” horrek emakumeen askatasuna murrizten duela.

Hala, emakume batek beldurra izan dezake gau horretan ezagutu duen gizon batekin oheratzeko, nahiz eta asko gustatu; edo etxera goizago joateko beharra sentituko du orduak aurrera egin ahala kalea gero eta arriskutsuagoa bihurtzen delako; edo agian ez da ausartuko gizon bati esaten ez duela sexu harremanean eskatzen dion zerbait egin nahi, haren erreakzioaren beldurrez, eta azkenean behartuta egingo du… Emakumeek hainbat estrategia erabiltzen dituzte euren buruak zaintzeko, baina zilegi da beldurrean bizitzea? Eta zer gertatzen da alaba nerabeak gurasoei esaten dienean gauez irtengo dela? Zer esaten diegu? Marra oso fin bat dago alaba arriskuez ohartarazi eta alabari gorputzean beldurra sartzearen artean. Hainbat gurasok bizi dute egoera hau eta askotan haiek babestu nahian beldurra sartzen diete.

Baina zein zaila mezu egokia aukeratzea. Zein zaila asmatzea. Argi dago ez ditugula beldurtu nahi, baina askotan hala egiten dugu, haien konfiantza urratuz. Baina nola egin haiekin arriskuei buruz hitz egiteko modu errealista batean, beldurraren bitartez geldiarazi gabe? Emakumeek askatasunez mugitzeko, harremanak izateko, gauez irteteko eta bizitzaz gozatzeko eskubidea dute, beraz, eman ahal zaizkie babes estrategia batzuk, bai, baina ez beldurtu. Izan ere, arazoaren muina ez dago haiek euren burua babesteko abilezian, baizik eta gizonengan. Beraz, alabei “kontuz ibili” esatearekin baino gehiago, hobe genuke semeei ondo erakustea ez gaudela emakumeek indarkeriarekin duten arazoa baten aurrean, gizonek indarkeriarekin duten problema baten aurrean baizik.