Indarkeria matxista prebenitzeko eta horri aurre egiteko protokoloak tai gabe egiten dira elkarte, fundazio, enpresa eta bestelako gune kultural edo sozio-ekonomikoetan. Ardurenean diagnosi batetik abiatzen dira, inguruneko giroa nolako den jakin ahal izateko. Oraingo honetan, Euskal Herriko ikus-entzunezko eta arte eszenikoetako sektorean egin da diagnosi hori, eta emaitzak izugarriak izan dira. Egindako azterketak agerian uzten du “indarkeria matxista ez dela kasu isolatuen emaitza, baizik eta sektorearen egitura, hierarkiak eta botere harremanekin lotutako errealitate sistemikoa” dela. Beste askotan gertatzen den bezala, langileek, sortzaileek, profesionalek eta abarrek ez dute beren “lantokia espazio seguru gisa” bizitzen.

Hori sekulako drama da. Egunero zure lantokira joan beharra duzu jakinda bertan indarkeria matxista, sexuala, errespetu faltak edo lan-esplotazioa jasan ditzakezula. Jasanezina da.

Indarkeria matxistari aurre egiteko mekanismo eraginkorrak ezarri eta politika publiko indartsuak egin behar dira, lan-eremuak seguruagoak izan daitezen, izan ere, egiturazko arazo handi bat da, mundu mailan egiten den giza eskubideen urraketa ohikoena.

Matxismoa gizarte maila guztietan ematen da, eta batzuek botere-harremanaz baliatzen dira abusuak lortzeko. Makina bat adibide izan ditugu urteetan zehar, farandulako jendeak, aktoreek, politikariek, Tumpek, edota kirolari famatuek eginak, baina egunotan, ikur musikal espainiar fatxa den Julito Elizak agertu da albistegietan, bere etxeetako bi langile ohik sexu-erasoak leporatu dizkiotelako. Bere aurkako testigantzak oso larriak dira, esplotazioa eta sexu-indarkeria nabariak. Mota horretako gizonek beren pribilegioak eta ospea erabiltzen dituzte gisa horretako indarkeria egiteko. Horiek dira ospea eskubide beltzarekin eta miresmena posibilitate batekin nahasten dituztenak.

Eskuindarrak, betiko higuingarriak, bere alde atera dira, eta horrek erakusten du politikaren degradazio maila.