Aurrekoan lan bilera garrantzitsua. Derrigorrezko aurtengo hasierako asmoen errepasoa. Segidan lankide eta lagunartekoen arteko bazkaritxo goxoa Donostia bertako leku zoragarri batean, urrutitxo erdigunetik egia esan. Eta bazkal ondoren taxia hartu beharra beraz. Taxilaria gidatzen, kopilotu Iñaki eta atzean Ana eta ni. Iñaki eta txoferra taxilari bihurtutako pilotari ospetsu batez hitz egiten eta baita futbolari, eta bere txaletak legea urratzen duen ala ez. Atzean Ana eta ni hizketan, eta egia esan irakurle estimatua ez dakit zertaz ari ginen. Halako batean taxilariak, burua atzera itzuli gabe gazteleraz ispilutik zuka niri: Aizu barkatu, zu irakaslea izan zara? Nik, bai. Eta Usurbilgo Lanbide Eskolan aritutakoa? Nik, baietz. Berak, euskarazko irakaslea al zinen? Nik ostera, baietz. Txoferrak jada urduritxo samar: Zu, Bujanda al zara? Nik, ostera, asmatu nahian nor zen taxilaria, bai, bai. Berak, ni zure ikaslea izan naiz, hobeto esanda, zu nire irakaslea izan zara, euskarazko aditz trantsitibo eta intrantsitiboekin erotzen gintuzun; nire izen eta abizenak gogoratzen al dituzu? Ea nor den, eta bere gelako hainbat ikasleren izenak eta beste irakaslearenak, nire garaiko lankideen izen abizenak. Uste dut laino artean gogoan dudala nor den eta bere gela bera ere.
Galdetzen diot zenbat urte dituen, 58 erantzuna. Pentsatzen dut: berak 58 eta nik 72, beraz 14 urteko aldea, berak garai haietan 14, nik, beraz, 28 urteko mutiko indartsu eta lerdena hain zuzen. Eta bat-batean esaten dit, ostera gazteleraz eta zuka, orain, une batean entzun dizut hizketan zure aldamenean dagoen emakumearekin eta ahotsa eta bere doinua ezaguna egin zait eta ispilutik begiratu eta ohartu zure biboteaz, orain txuria daukazu nahiz eta garai haietan beltza, eta ohartu zeu zarela nahiz eta orain adindua, baina zeu zara, keinu, ahotsa, irribarrea eta par bera ere. 44 urte elkar ikusi gabe. Ahotsa bera daukazu Bujanda jauna, entzun bezain pronto ezagutu dut. Taxilaria, ikasle ohia, ahots bera, nirea.