Oso gogokoa daukat, oso bai, Karmele Jaio Gasteiztarra, kazetari eta idazlea. Oso aspalditik. Irakurri egin izan ditut bere idazlan guztiak, hala nola, orain dela hogei eta bi urte idatzitako ‘Hamabost zauri’, ‘Zu bezain ahul’, ‘Ez naiz ni’, ‘Amaren eskuak’, ‘Musikaren airean’, ‘Aitaren etxean’, ‘Maitasun kapitala’, ‘Orain hilak ditugu’. Ipuinak eta olerkia tartean. Jakina da sari ugariren jabe dela Karmele eta hizkuntza askotara itzulia izan dela. Jakina baita moldaketak izan dituela ere zinema eta antzerkirako moldaketak barne. Oraingoan ‘Harrizko Bihotza. Taupaden alfabeto bat’ suertatu zait.

Bikaina adiskide. Bikaina. Patxadan irakurri dut, Taupadaka. Apunteak dira, ametsak, oroitzapenak, hausnarketak, pasadizoak, pentsamendu laburrak, keinuak, irribarreak, malkoak, nahiak, itxaropenak, tristurak, barne filosofia tanta goxoak, begiradak, irriñoak, trufak, sentimendu noiz arin, noiz sakonak. Alfabeto moduan antolatutako liburu guztiz maitagarri eta berezia dugu eskutan A-tik Z-ra.

Poetiko batzuetan, zorrotz eta zuzen bestetan. Karmele Jaiok munduari begiratzen dio, emakumeari, gizonari, amodioari, sentimenduari, erronkari, zalantzari, beldurra eta pozari bere talaia berezi horretatik. Fikzioa eta errealitatea ditu helburu, nahasten ditu, agian bizitza errealean bezalaxe, giza harremanak, isiluneak, adiskideak, haur garaiko kontu eta oroitzapenak. Ispiluak, edota etxeko leiho itxi ala irekiak ditu aurrez aurre non ikusten eta begiratzen den gutako bakoitza, nor beraren barrua eta erretratua, sotila batzuetan, intimoa guztiz bestetan. Omenaldia eskaintzen dio hitzari, hitzei hobeto esan, baliorik gabeko balioa erakusten eta eskaintzen dielarik. Berak dion bezala “Harrizko bihotz batekin zaila da guztiz munduaz idaztea” Noticias Taldeko egunkarietako “Ortzadar” sailean esaten duen bezala, honela baita ere: “Modu oso librean idatzi dut liburua, eta irakurleari ere egiten diot gonbidapena libretik irakurtzeko, edozein lekutatik irakur daitekeelako”. Harrizko bihotza.