Joan den ortziralaz geroztik, harekiko zorra hasi da gure hiria kitatzen, hura hil eta 66 urtera. 1960ko negu gorriak eraman zuen hiri honek sekulan eman duen margolaririk bikain eta garrantzitsuenetako bat. Haren heriotzan, Jose Agerre Dormitaleriako euskal idazle eta kazetari oparoak euskarazko hitz batzuk moldatu zituen hiriburuko Pregón aldizkarian: “Joan den urtarrilaren 13an hil da Iruñean, Ziga´tar Xabier margolari ospetsua… prestua, zaina, jatorra, usna, zolia, trebea. Irakasle eta irakaslaria, ikasle aunitz hazi baitzituen bizialdian.
Relacionadas
Gazte garaietan, zazpi kartel egin zituen beste horrenbeste Sanferminetarako. Gero, Madrilen eta Parisen egotea gertatu zitzaion. Eusko aireko margogintzan goieneko maila Nafarroan zuen erdietsia, baita eskola horren nagusitza legez atxikia ere”.
Agerrek ederki ezagutu zuen Ciga, biak ere adiskide eta alderdikideak izan baitziren (EAJ), bi-biak ere frankisten zapalkuntza latza pairatutakoak. Zapalkuntza hori xehetasunez dago jasoa Ciga Bilduma izeneko erakusketa iraunkorrean, Pompelo kulturgune berrian, Memoriaren Txokoa izeneko atalean. Hantxe ageri da nola atxilotu, iraindu, jipoitu, makilaz kolpekatu (metalezko barra batekin) eta ostikatu zuten lurrean 1938an, bai eta espetxeratu ere, 61 urte zituela, eta hantxe ere kartzelan egin zituen marrazkiak.
Probablemente, el mejor pintor pamplonés del siglo XX
Ondoko aretoetan, hark ondutako ehun margolan baino gehiago daude ikusgai, Ciga Fundazioak eta Iruñeko Udalak elkarrekin apailatutako erakusketa ederrean. Beraz, horra hor Cigaren bizitza eta lana ezagutzeko aukera, bai eta beti eta unerik gogorrenetan erakutsi zuen konpromisoa ere. Ezaguna da, adibidez, gerra garaian zer erantzuten zuen beti, lagunek alde egiteko aholkua ematen ziotenean: “Nik ez dut alde eginen, ez baitut deus makurrik egin, bizitza kenduko digute, baina sekulan ez duintasuna”.