Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Rikardo Arregi

Martxoak 3: berrogeita hamar urte

Martxoak 3: berrogeita hamar urteJorge Muñoz

Gasteizko martxoaren 3ko gertakariak, sarraskiak hobeto, berrogeita hamar urte beteko ditu aurten; hizkiak idatzi ditut, eta ez zenbakiak, iruditu zaidalako, modu arras inozoan, horrela, hitzekin, osoago barneratuko dudala denboraren joana, baina errazegi esan edo idazten da berrogeita hamar beti. Aurten Gasteizen martxoaren 3ko sarraskiaz inoiz baino erakusketa eta ekitaldi gehiago dugu, baten bat oso esanguratsua, garaiko hedabideek hilketak nola eman zituzten gogoratzen diguna Ignacio Aldecoa kultur etxean, esaterako: manipulazioa zer den ikasi nahi duenak aukera paregabea du bertan.

Aurten, orain dela oso gutxi, berrogeita hamar urte pasatu eta gero, iragarri da lanak hasiko direla azkenik San Frantzisko elizanoroimenezko zentroa eraikitzeko bidean; 54.000 euro erabiliko dira teilatua konpondu, inguruko landaredia atondu eta eraikinaren jasotze topografikoa egiteko. Ez dirudi diru asko elizaren egoera ikusi duen edonorentzat. Egia da memoria immateriala dela, baina egia borobilagoa da, aldi berean, memoriak euskarri fisikoak behar dituela irauteko. San Frantzisko elizaren auzian Gasteizko apezpiku katolikoak ez ditu gauzak erraztu, alderantziz, hamaika oztopo jarri ditu elizan bertan dagoen jaiotzen bilduma dela eta. Jakin berri dut jaiotzak elizatik ateratzeko 15.000 euro behar direla, eta lizitazioa nahitaezkoa dela. Ez dut ezer ulertzen zergatik den hain zaila hori guztia. Zaila omen da, era berean, Estatuari gertaturikoaren erantzukizuna eskatzea: PSE ez dago ados.

Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteek oztopo eta zailtasunak egonarri handiz hartu dituzte, eta garrantzia kendu diote berrogeita hamargarren urtemugarako San Frantzisko zentroa prest ez izateari, edukia baita garrantzitsuena.

Amorragarriak bezain sumingarriak dira gorabehera horiek guztiak eta, behin baino gehiagotan, ulergaitzak bezain susmagarriak. Pentsatu nahi dut hil zituzten langile haien borroka eta oroimena gailenduko direla, doilorkeriaren aurretik, gasteiztarron eta guztion buru-bihotzetan.