Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Juanra Madariaga

Afrontu katea

Afrontu kateaPexels

Azken aste hauetan pairatu ditugun depresio eta afrontu guztiak kate beretik etorri dira gugana, eta euri truxuak izan ditugu tai gabe, gau eta egun. Nekea hasia da nabaritzen. Asko eguzkia ikusteko gogoz gabiltza. Euriaren onuraz mintzatzen direnak badira, eta hala, laster barru etorriko den udaberria koloretsuago izango dela diote, batez ere, berdetuko direlako gure mendietako belardiak, ia berde fosforeszente batekin. Halarik ere, iparrak ekarri digun egoera meteorologiko gogor hau desastre bat izan da gurekin bizi diren animalia askorentzat, bai eta urruneko latitudeetatik honaino ailegatzen direnentzat ere.

Albisteetan ageri da milaka lanperna-musu agertzen ari direla ia Atlantikoko kostalde osoan, Portugaldik Bretainiaraino. Gehienak hilak ageri dira, hil hurren daudenak ere badira, eta batzuk oso ahulduta daudenez, aukera gutxi dute bizirik irauteko. Horietarik bakan batzuek aurrera egiteko modua izango dute, zorionez. Afrontu indartsu horiek itsasoan sortzen duten sagailoengatik, hegazti askoren elikadura murrizten dute nabarmenki, eta hala, askori mendratu egiten zaizkie indarrak eta erabat flakaturik hiltzen dira. Albisteetan ez dira ordea agertzen gure mendietan, hotzaren jotez, haizeak kolpaturik, edota gosearen gosez hilik desagertzen diren hegaztiak. Hori ere Patagonia ederrean gertatu ei da, baina kasu horretan suaren erruz. Joan den hilean, 100.00 hektarea erre zituen sute demonio batek. Munduko oihan basatienetako bat dago Patagonian, baina han ere, gizakiaren esku beltzak krimena egin nahi izan du. Milaka eta milaka zuhatzekin batera, ekosistema hartako animalia asko hil dira.

Txileko eta Argentinako sasi-politiko axolagabetuek ez dute inolako neurririk hartu, eta bertako jendea kexu da. Bereziki, Milei Argentinako presidente lerdoaren jukutria azaleratu da, erretako lurren salmenta sustatzeko araudia erraztu egin baitu, eta orain, kanpoko business man askok interesa erakutsi dute negozio horretan. Natura beti galtzaile, eta berarekin batera, gu.