Martxoko aste honetan Gasteizko sarraski bortitzaren berrogeita hamar urte ekarri dira gogora. Martin Villak eta Fragak ehunka grebalariren aurka oldartzeko agindua eman zuten, eta Espainiako Polizia Armatuak bost langile hil zituen Gasteizko San Frantzisko elizan. 150 zauritu ere izan ziren, denak polizia nazional agresibo eta gupidagabeak kolpaturik. Estatu-krimen itzela gauzatu zen, gaur egun ere, zigorrik ezarri gabe segitzen duena.
Martxoak 3 Elkarteak urte hauetan guztietan sekulako borroka egin du errekonozimendua lortzeko eta gutxienez hildako bost langileak biktima gisa aitortzea erdietsi du, baina beste askotan, destaina baino ez du jaso estatu espainolaren aldetik. Izan ere, gertaera haien erantzukizunak ez du inor ukitu, eta ez da inoren gain ezarriko.
Une eta heriotza lazgarri haien ondoren, Manuel Fraga telebistan agertu zen eta honako hau esan zuen: “Adibide triste hau ikasgai izan dadila herrialde osoarentzat datozen hilabeteetan”. Ikasgaia. Inpunitatez eginiko errepresio garratza. Fraga bezalako pertsona faxista esparru askotan goraipatzen da oraindik ere, eta bere figura ez da iruditeria sozialetik eta politikotik ezabatu nahi izan. Gertaera honen inguruan justizia falta nabarmena da sentitzen dena. Bestelako justizia bat ahatearen izena duen sasi-presidente horrek aldarrikatzen du tai gabe, eta horretarako munduan zehar erasoak eta erasoak antolatzen ditu estrategia gutxirekin, baina aliatu krudel, genozida eta gaiztoenekin. Udaberriaren hilabete hau gerra-sundarekin hasi da, AEBek eta Israelek Iran herriari eraso egin baitiote betiko mehatxu nuklearra aitzakiatzat hartuta. Bertako Ali Khamenei ayatola erahil dute, eta uste zutenean herri horretan aldaketa politikoa edota anabasa etorriko zirela, Iranek modu neurrigabean erantzun du. Erasoak hainbat herrialdetara zabaldu dira eta horrek marko geopolitikoa kolokan jarri du.
Hemen argi dagoena da iparramerikarren eta israeldarren interes ekonomiko eta estrategikoak defendatzeko piztu dutela liskar hori, beti ere, modu inperialista baten bidez. Donald ahatea jatorragoa zen.