Gozamen ederra da ikustea nola darien euskara Nafarroako Artxibo Nagusiko erdarazko paperei, baita hiriburuarekin zerikusia duten agiriei ere. Oroitarazi behar da zenbaitek garai batean ukatu egiten zutela Iruñerria guztiz euskalduna izan zenik. Gero, hamaika agirik eta azterlanek hiriburuaren inguruko zendea eta ibarretako jendearen euskal mintzoa frogatu izanaren ondorioz, onartu zuten euskara mendez mende mintzatu zela gure inguru hurbilean, gogoz kontra onartu ere, baina argi utzirik Iruñeko hizkuntza bakarra erdara izan dela beti, erran nahi baita, Iruñea garaian garaiko erdaren gotorlekua izan dela gizaldiz gizaldi, Pompelok hiria sortu zuenetik, euskara harresietatik kanpo utzirik.

Betiko kontua: hiria, modernotasuna, kultura erdaraz mintzo zen; koko laborari zakar astakirten kaikuak, berriz, euskaraz. Bada, aspaldidanik ederki frogatua dago gure hiria euskaraz mintzatu izan dela. Aldiro, gainera, datu berriak plazaratzen dira.

Konparazio batera, Fernando Maiora artaxoarraren liburu batek hiriburuko etxe-izen euskaldun batzuk dakartza: Txindilena, Ezkerreko Etxea, Juan Galantena, Muniasurirena, Leonena (Telleria karrikan) edota, 1822ko agiri baten arabera, Aldabekoa izeneko etxea Magdalena auzoan, erreka bazterrean. Hortaz landara, liburu berean, Iruñeko bizilagunen goitizenak ageri dira, aunitz.

Honatx ale andana: Beltxa Judu, Txatxua, Mari Motx, Mutur, Mandazaia, Jaka Xuri, Goitiburua, Goizgixon, Petriko Luzea, Txapingorria, Mariederko, Buru Ederra, Gixurti, Txindil, Biliskorri, Mandaxaiko, Burukoihal, Andia, Erregetxo, Konportatxipi, Bilo Andi, Txakolin, Mokozail, Doblon Andi, Zamari, Txamarra, Txantxokerra, Amarreko…

Suma genezake zer dagoen izen horietako batzuen atzean, baina auskalo zergatik erraten zioten iruindarrek Hogeita hamasei Iruñeko nekazari bati XIX. mendearen hasieran.