Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Ana Urkiza

Inoiz baino utopikoago

Inoiz baino utopikoagoMARTIN GERTEN

Habermas hil da (Düsseldorf, 1929-2026). Unibertsitatean gogoeta egiteko sortu genuen taldeko kideon artean berehala partekatu dugu, wp-ez, hiru hitzez osatutako esaldi laburra. Ez du inork ezer iruzkindu. Baina badakit, Habermas-ek proposatzen zuen utopian sinisten genuela gogoratu dugula.

Juergen Habermas Europako pentsamendu politiko eta filosofikoaren izen handienetakoa izan da: demokrazia, eztabaida publikoa eta gure gizartean arrazoiak zer rol bete behar duen, hiru gai horien inguruan gogoetatu zuen, batez ere. Eta 1981ean etorriko zen, nire ustez, Habermasek egin duen ekarpenik gorena. Komunikazio ekintzaren teoria izeneko liburua idatzi zuen. Guk, hamarkada bat beranduago irakurri genuen unibertsitatean eta itsasargi bat iruditu zi-tzaigun. Komunikazioaren ekintzari instrumentala zitekeen zentzua baino haragokoa eman zion.

Komunikazioaren helburu nagusia ez dela informazioa trukatzea defendatzen zuen, baizik eta elkar ulertzea eta adostasunetara heltzea. Horretarako baliatu behar zela komunikazioa: aro modernoko gizartearen krisiak eztabaidatuz gainditzeko, eta gehiegitasun tekniko eta ekonomikoak ekiditeko.

Gizarte Zientziak eta Komunikazioa ikasten ari ginenontzat mundu idealaren ataria zen. Gure ikasbidea gizatasunez janzteko aukera irekitzen zigun.

Ekintza komunikatibo mota bi bereizten zituen hark. Komunikazio-ekintza indartsua dela zioen, parte-hartzaileek adostasun zintzoa bilatzen dutenean. Hau da, bi aldeek egia esaten dutenean, hiztunak zintzoak direnean eta hizketan egiteko edo esku artean duten arazoa konpontzeko onartutako arauekiko koherentziaz jokatzen dutenean. Komunikazio-ekintza ahula dela zioen, ordea, elkarrizketa botereak gidatzen duenean.

Arrazionaltasun komunikatiboa proposatzen zuen Habermasek: errespetuan eta askatasunean oinarritutako komunikazioak subjektu parte-hartzaileen artean akordioak lortzea ahalbidetzen duena, hain zuzen ere.

“Gaur, inoiz baino utopikoagoa iruditzen zait”, idatzi du wp-ez, oraintxe, gure taldeko kideetako batek.