Hereneguneko jende-uholdetik euskararen aldeko korrika populatuenera. Korrika gaur hasiko da Atharratzen. Hilaren 29ra arte, Euskal Herri osoko bazterrak kurrituko ditu suge jendetsuak, hau euskararen lurraldea dela, eta hemen, urruneko garai lanbrotsuetatik gaurko egunetara, euskaldunak bizi izan garela esateko.

Eta horretarako hizkuntza bat baliatuko dugu, gurea, euskara, zorioneku bat ere esaten zuena, eta gaur egun astronomia, zientzia konputazional teorikoa, zelulen kimika, fisika nuklearra, lepidopterologia, hizkuntza-antropologia, agrostologia, gasen teoria zinetikoa, paleontologia, klima-aldaketa eta abar azaltzeko, edota amodiozkozko poemak izkiriatzeko ere balio diguna.

Korrikak gure hizkuntza eramango du herriz herri, kapital jendetsuetatik bazter batean kokaturik dagoen herri txikieneraino, beti ere, euskararen aldeko borroka eta kontzientzia sustatzeko. Berdin dira egin beharreko kilometroak, jendearen adoreak ez du mugarik edukiko, eta egunez zein gauez, eguzki galdatan edota elurtza zuripean, lekukoak esku bat izango du Bilboraino eramateko. Han, hiriburu handi horretan, biztanle kopuru handiagoa duelako euskaldun kopuru absolutu handiena duen horretan, bi mila eta bostehun kilometroz, bidez bide, eramana izan den lekukoa zabaldu egingo da bere tripan dagoen mezua euskaldun guztioi (eta ez direnei ere) irakurtzeko. Betiko legez, une hori oso hunkigarria izango da.

Baina korrikak duen botere baltsamiko edo katartikoarengatik, emozionaltasunaren bitartez, une bizigarri eder asko sorraraziko ditu beste behin, eta guztiok sentituko dugu larruazalean hotzikara berezi hori. Izan ere, epikotasunetik ere badu zerbait. Herri batek korrika egiten du bere hizkuntza babesteko, indarraldia emateko eta suspertzeko, eta horretarako esku bat baino ez da behar, lekuko hori oratuko duen esku bat, gau minean, ordurik txikienetan ere, goian altxaturik euskara bera sinbolizatzen duen lekukoa eramango duena.

Goian, hodeiertzari begira, euskararen alde.