Lehengo larunbatean bazkaltzen izan genituen ilobak. 5 eta 3 urte dituzte, kontent etortzen dira aitatxi-amatxirenera. Harritzekorik ez, beren etxean zilegi ez dituzten gauza batzuk libre baitira gurean. Bazkaria akitu eta berehala telebista ikustea, konparaziorako. Ze amorrazioa. Clan ikusten eman zuten bi aste lehenago ETB3ri josirik eginen zuten denbora. Eta hemendik aitzina, nonbait, horrela izanen da beti. Aditu ditut Euskal Telebistako agintariak haurrendako kanalaren desagerpena defendatzen. Ez diet deus ere ulertu. Nire neardentalkeria izanen da, segur, kanpo proiekzioa, digitalazioaren gurpila eta halako kalakak adituta adimena argitu beharrean osotara iluntzen didana. Ez dut behinik behin konprenitu zertan atera den euskara, eta (haur) euskaldunak irabazian, ETB3 ETB1 On bilakatuta.
Makusi? Bai, mila esker, baina Euskal Herriko etxeen erdietan ez dago Makusi zuzenean eta ordenagailu baten bitartekaritzarik gabe ikusteko moduko aparaturik. Zekenak, gu, edo ergelegiak gure umeak, ez baitakite oraindik plataformez zuzenean baliatzen. Erdara klik batera, eta aukera nahi adina. Euskara, aukera bakarra eta gainera zail. Zergatik? Dirua aurrezteagatik. ETB1en eta ETB1 On-en programazio kloniko eta bata bertzea bezain tristeei erreparatzea aski, horretaz ohartzeko. ETB2an gastatuko duten lau sos aurrezteko kendu diote leiho bat euskarari, gure hizkuntzak leiho gehien behar duen momentuan. Neurri horren kontrako ekimenak 25.000 sinadura inguru bilduak zituen atzo. Erakunde euskaltzale mordo batek bere haserrea erakutsi du. Baina zer inporta zaio hori guztia ETBri? Izan ere, inporta ote zaio euskara ETBri?