Gaztelu plazako kioskotik inguruz inguru begiratzen badugu, hainbat mendetako eraikinak ikusiko ditugu, zaharrena Alkartetxea eta, berriena, San Nikolasko eskaileretatik hurbil dagoen txandrioa, eraiki berria. Aitzinetik ere txandrio ederrak egin izan dira plaza bereko eraikinetan, zaharrak bota eta berriak eraikitzeko orduan.

Nekez, ordea, tamainakorik. Aski baita fatxadari behako ttipi bat egitea itsuskeriaren handiaz jabetzeko. Alde Zaharrean, badira franko. Duela 65 urte inguru, konparazio batera, Agerretarren erdi aroko jauregia eraitsi eta, haren ordez, hotel berria egin zen, karrika Berriaren eta Ansoleagaren artean.

Horrenbertzez, ulertzekoa da hirigune historikoetako eraikinen ezaugarriak gorde eta eraikuntza jakin batzuk babestu nahi izatea. Dena den, hori gauza bat da, eta arras bertzelakoa Alde Zaharreko bizilagunek pairatu behar dituztenak etxebizitza egungo garaietara egokitu nahi dutenean.

Erran nahi baita, zoaz baimena eskatzera etxea zaharberritzeko edota balkoietako ateak eta leihoak aldatzeko, eta dena da traba, arau zorrotz-zorrotzak bete behar baitira. Horrek, jakina, aunitz garestitzen ditu obrak. Dirulaguntzak, ordea, urriak dira egiazki. Edota, adibidez, gauza nekeza da zinez aire girotua Alde Zaharrean paratu nahi izatea, non ez duten zuzenean debekatzen.

Bertzalde, Iruñean indarrean den udal araudiaren arabera, galarazia dago eguzki-plakak paratzea teilatuetan, estalkiek halako ezaugarri zehatzak bete behar dituztelako. Garesen ere antzera, Alde Zahar ikusgarria, baina gero eta hustuagoa, gero eta etxe gehiago hutsik, Vianako Printzea erakundeak ezarritako irizpideen ondorioz. Horrenbertzez, dirulaguntzak handitu eta trabak arindu ezean, alde zahar kanpoederrak baina bizirik gabeak izanen ditugu, bertze zenbait tokitan gertatzen denaren antzera.