Atzo egun praktiko egin zuen AEK erakundeak. AEKk euskararen normalizazioaren aldeko lan itzela egiten du eta bere sustapenean dihardu “Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso” bizi daitezen. Bada, atzoko eguna, Korrikaren 12. egun bezala aurkeztu zuten. Nola? Eskola bat doan izeneko ekimenaren bidezç; doako euskara eskola bat eskaini zuen dituen 100 inguru euskaltegietan.
“Korrikan parte hartzen ari zara, dagoeneko egin duzu urrats garrantzitsua. Hemendik aurrera, nola jarraitu ahal duzu euskararen munduan murgiltzen?” Orain eskola bat doan antolatu du euskararen mundura hurbildu nahi dutenentzat. Proposamen ederra.
Horretaz gain, maiatzaren 21an, beste ekimen batean parte hartzeko deialdia luzatu du erakundeak. Egun horretan, 65 mintzodromo antolatuko dituzte Euskal Herri osoan zehar, euskara praktikatzeko eta euskaraz mintzatzeko. Joan, gerturatu eta mintzatu.
Euskara gara eta gure lurraldean euskaraz bizi nahi dugu. Halarik ere, gure hizkuntzaren kontrako zangalatrabek ez dute amaierarik. Administrazioko euskara eskakizunen inguruko arazoak gero eta larriagoak dira, eta mandatariak ez dira euskarari behin betiko indarraldia eta ahalmena ematera ausartzen, espainolisten ustez “gehiegikeria nabarmenak” ematen direlako afera horretan.
Joan den asteko artikulua batean, Ximun Fuchsek zapalkuntza isilaren hiztegiaren hainbat hitz proposatu zituen. Irakurri ez badituzue, nik bi ekarri nahi izan ditut hona. Euskarafoboa: euskara entzute hutsak hotzikarak eta jarrera erasokorrak eragiten dizkion pertsona. Azaleko azkura eta begietako gorritasuna agertzen zaizkio euskara eskakizunei buruz hitz egiten entzute hutsarekin; nahasmena eragiten dio eta apartheid, intolerantzia, ghetto, jazarpena edo bazterkeria hitzak kontra zentzuan frenetikoki erabiltzen hasten da.
Baskismoa: euskararik gabeko patriotismoa. Bizitokiari edo odolari lotzen zaion nortasuna. Lurralde honetan bizi edo bertako jatorri urruna duen edonori euskal adjektiboa eransteko joera (euskal zinema, euskal futbolaria, euskal musika...)
Ona eta doan!