Washingtongo Hilton hotelean bildu ziren joan den astean Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen lausengari guztiak, hedabidetan mimoz tratatzen dutenak, haren irtenaldi baboekin eta bestelako lerdokeriekin ezpainetan irribarrea marratzen dutenak, haren dantza epileptikoekin albiste xelebreak izkiriatzen dituztenak.
Kontua da, afaltzen ari zirela, segurtasun sistema guztiak gainditu eta gizon bat aretoan sartzen saiatu zela. Tiro-hotsak entzun ziren eta berehala, pelikuletan ikusi dugun bezala, hainbat polizia eta segurtasun-indar bertan agertu eta arrastaka eraman zituzten afaltzen ari ziren handiki politikoak.
Atoan atxilotu zuten Cole Allen izeneko erasotzailea. Antza denez, Kaliforniatik Washingtonera joan den helburu argi batekin: presidentea eta bere akolito guztiak, edo gehienak bederen, akabatzea. Duela urte bi beste atentatu batean zauritu zuten Trump. Zauri arinak izan zituen hartan, eta duela gutxi agitu den beste horretan urradura tipirik ere ez. Tira!
Ameriketako Estatu Batuetan hilketa asko gertatzen dira egunero, banketxetako lapurretak, bortxaketak, mafien arteko kontu-garbiketak, hilketa masiboak gazte batek fusil bat lortu duelako eta bere irakasleak gorrotatzen dituelako, poliziak hiltzen ditu pertsonak, batez ere beltzak, … biolentzia eguneroko ogia da Trump presidentearen herrialdean, baina berarentzat normala omen da, izan ere, “mundu zoro batean bizi gara”.
Zoro dezente bizi da nazio hartan eta askok armadunak dira. Ez da harritzekoa izango beste eraso bat izatea. Hori denborak esango du. Baina egia esan, presidenteak duen irudia gaiztotu egin da azken urteetan eta jendea nazkatuta dago bere izaerarekin. Amnesty Internationalek giza eskubideen egoeraz kaleratu berri duen urteroko txostenaren arabera Trump, Netanyahu genozidarekin batera, harraparitzat hartzen du, munduan zehar nahi duena inpunitate osoz egiten duelako, beste herrialde askok ezikusiarena egiten duten bitartean. Mundua zoraturik dago, bai, eta zoroenak gidatzen du.