Carlos Garaikoetxea espainol hil dela esan omen du gehiegi maite ez gaituen komunikabide batek. Batzuek, zer garen eta nongotar hiltzen garen esateko eskubidea ere eurena egiten dute, antza denez. Gurean ere sortu da, ostera, Carlos Garaikoetxea zer zen eta nongotarra zen argitzen saiatu denik, etekin politikoa helburu.

Asteburu honetan, Jon Maia bertsolari eta dokumental egileak bazka honetaz hausnartzeko aukera paregabea eman digu, halabaina. “Berriz etorriko zera” dokumentala estreinatu du Ondarroan, 60-70. hamarkadan Ondarroara etorritako Galiziako, Extremadurako eta Andaluziako migrarien testigantzak jasoz. Batzuk, Ondarroan bizitzen jarraitzen dutenak. Beste batzuk, berriz ere, euren herrietara bueltatu zirenak. Zergatik emigratu zuten adierazten dute lekukoek, harrerako herrian zer aurkitu zuten, nola sentitu ziren, euskara ikasterik izan zuten… Azkenean, zer eta nongo sentitzen diren galdetzen zaie. Eta, hor, irekitzen da itsasoa. Arrainen mundua bezain zabala dela ondorioztatzen du batek, nortasunaren eraikuntzarako eta nongotarra zaren sentitzeko erabiltzen ditugun arrazoiak.

Batzuek, etorri ziren herrikoak izaten jarraitzen dutela aitortzen zuten, eta baita ondarroar ere; beste batzuek, eurak etorri ziren lekukoak zirela baina euren seme-alabak ondarroarrak direla; eta azken batzuek, kanpotik etorriak izan arren, orain, ondarroarrak direla. Bateren batek aipatzen zuen, hil ostean, bere jaioterrian lurperatzea nahiko lukeela; beste batzuek, guztiz kontrakoa.

Guztiek ere hemengo kulturarekin baketuak ziruditen, hori bai, ulertzera heldu ostean, zeren eta arazoa ez zela beraiek euskaraz ikastea edo ez aipatu zuen batek. Baizik eta ikustea, gure artean ere, ez ginela ideia bereko. Ez zekitela noren alde egin zioten, inposizioaren bidea baztertzetik harago.

Gelditzen dena, oroimena dela esanez bukatzen da dokumentala. Gogoratzen duguna. Eta gogoratzen duguna, sentitzen duguna dela. Inork aldatu eta esku hartu ezin duena.

Nortasun ezberdinekiko errespetua izan zen gailendu zen ideia. Inoren jabetze saiakera orotik urrun.