Orain arte, areago izan dira funtzionarioak urte sabatikoa hartu izan dutenak. Oposaketa bidez lanpostua segurtatu ostean, ordezkoa izendatzeko arazorik ez denez egoten, urte sabatikoa hartzen duzula aditzera eman eta motxila prestatu dutenak. Horretarako, dirua aurreztu behar izan dutela defendatuko dizute. Eta hala izan da.
Enpresa pribatuak beldurrez (eta ez) begiratu izan dio artean salbuespentzat jo izan den joera honi. Beldurrez, enpresa pribatuan ordezkoa bilatzea ez delako hain erraza, edo hobeto esanda, urtebete ondoren ordezkoaren etorkizuna kudeatzea ez baita hain erosoa. Baina gainditu beharreko ikasgai gisa begiratu izan dio. Izan ere, bost edo hamar urtetik behin gelditzeko eta beste zerbait egiteko aukera izateak, arnasa handia eskaintzen baitio langileari, baina baita enpresari ere. Urte bete kanpoan egindako langilea berriz ere lanera bueltatzen denean, azken hau, berrituta eta indartuta dator (teorian, bederen). Eta enpresetan argi ikusi da, bost edo hamar urtetik behin, ona ezezik, beharrezkoa ere badela berritzeko aukera izatea. Eta, areago esango genezake gainera, lehengo postura edo kargura bueltatu ordez, beste postu edo kargu batera aldatzeko aukera izatea litzatekeela borobilena. Behin eta berriz lan edo kargu berean errepikatzen diren urteak, aldi batetik aurrera, berrikuntza maila mugatukoak direla defendatu izan baita beti.
200 irakaslek adostu omen dute 2030/31 ikasturtean urte sabatikoa hartu ahal izateko, euren soldata %16 murriztea. Baina murrizketa berarekin jarraituko dute urte sabatikoan ere soldata jasotzen. Baina hezkuntza eremua ez da aukera hau eskaini duen esparru bakarra. Ondotik jakitera eman denez, Donostiako udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia ere antzeko eskaintza edo programa bat bideratzen ari omen dira.
Oraingoz, funtzionarioak dira langileak. Artean, askok eta askok argi bazeukaten ere, gero eta jende gehiagok nahiko du funtzionarioa izan aurrerantzean ere. Ondo aztertu beharko da, bada, bai langilearentzako eta bai lantokiarentzako zer nolako onurak dakartzan aukera hau sistematizatzeak.