Síguenos en redes sociales:

Euskararen indarra

Euskararen indarraUnai Beroiz

Erdi Aroko Iruñeaz etengabe zabaldutako irudiaren arabera, euskaldunak oso gutxi ziren, pobreak, eta Nabarrerian baizik ez ziren bizi. Ikuspegi horrek garai hartako agiriak ditu oinarri, latinez, okzitanieraz eta nafar erromantzean idatziak. Historialariren batek, ordea, bertzelakoa sumatu zuen. Izan ere, Erdi Aroko hamaika agiri azterturiko Jose María Lacarra (1907-1987) Lizarrako historialari eta filologo ospetsuak adierazi zuen etengabe erabili zituela euskarakadaz beteriko agiriak: “zenbaitetan, euskaraz mintzo diren eta euskaraz pentsatzen duten jendeek daude idatzita, beste hizkuntza batean idazten badute ere”.

Hori jasoa dago Peio. J. Monteanok zehatz eta sakon ondutako azken lan jakingarrian: Anelierren poema eta garai hartako Iruñea (1276). Iruzkin historikoa eta linguistikoa. Iruñeko gerra zibil hura gertatu eta Nabarreria txikitu zeneko 750. urtemugan plazaratua da, gaztelaniaz, euskaraz eta frantsesez. Azterlanarekin batera, Guilhem Anelier Tolosakoak (Okzitania) bere hiriko okzitanieraz 1276an idatzitako Nafarroako Gudua poemaren faksimile-edizio bikaina argitaratu du Iruñeko Mintzoa argitaletxeak, eta ekainean aurkeztuko da.

Monteano arras argia da: Anelierren garaian, euskara hiri osoan mintzatzen zen, ez soilik Nabarrerian, baita San Nikolas Hirian eta San Zernin Burguan ere. Iruindar batzuek, gainera, beste hizkuntza batzuk ere bazekizkiten eta, batez ere, idazten zituzten, Iruñeko okzitaniera, konparaziora. Baina, Okzitaniako familiek XI.-XII. mendeetan ekarritako mintzoa “izoztua” gelditu zen denboraren joanean. Hau da, XIII. mendetik aitzina, Iruñeko aldaera hura idazteko erabili zen, baina ez zen linguistikoki bilakatu, hiztunik gabe gelditu baitzen, hizkuntza mintzatua izateari utzita; bertze arrazoi batzuen artean, euskararen indarraren ondorioz.