Jorge Javier Vazquez-en El Diario telebista programan gertatu da. Mutilak neskari barkamena eskatu nahi zion. Horregatik eta horretarako joan zen platora. Damu zela agertzera eta bien arteko lagun harremana berreskuratzera.

Neskak, Jorge Javierri ez dakiela nola erreakzionatuko duen esan dio, nahiko aspaldiko kontua dela mutilak dakarrena. Baina, mutila platoan sartzen ikusi ez beste, sekulako zaplaztekoa eman dio, momentuan telebistako programa hori ikusten eta jarraitzen ari zen publiko osoaren aurrean. Jorge Javierrek, ikara itxura eginez, platoa uzteko eskatu dio neskari eta neskak, inolako erresistentziarik jarri gabe, platoa utzi du.

Ikus-entzuleek txalo egin dute, ez dakigu zergatik: edo platoa uzteko eskaera egin diolako Jorge Javierrek, neskak mutilari egundoko zaplada eman izanagatik, edo auskalo, show-a emategatik, gaur egunean edozerri eta guztiari txalo egiten baitiogu. Egia esan, prestatuta zegoela pentsa lezake batek. Izan ere, ikus-entzuleen harridura eta ikara aurpegiak eskaini baituzte kamerek.

Vazquez aurkezlea mutilaren alde atera da neskak alde egin duenean. Biktima da: zaplaztekoa jaso du inolako azalpenik emateko aukerarik izan aurretik, telebistara barkamena eskatzera joan ostean.

Gizartea, oro har, biktimarekin lerratzen da, honakoan bezala. Eta alde batera uzten ditugu bestelako arrazoiak. Berdin da, bada, mutilak neskari zer egin zion, neskak, tamainako erreakzioa izateko. Telebistak, bakarrik, show-a jaso du. Ikus-entzuleak pantailara lotuta izango dituen aurpegikoa. Esango du, halaber, Vazquez-en programan “gauzak” gertatzen direla. Eta biolentzia elikatzen jarraituko dugu.

Ez gara kontziente, ikus-entzuleok, orohar, guztiok ere, biktima garela: pantaila txikian (gero eta handiagoan) egiten eta txalotzen diren barrabaskerien hartzaile perfektak eta kautiboak garen aldetik. Jorge Javierrek, hurrengo programetan, izugarrizko audientzia indizea izango du eta ikus-entzuleak beste matraileko bat ikusteko edo antzeko basakeriaren batekin topo egiteko irrikitan egongo dira.

Gurpilaren eroa ez da gelditzen.