Asko eta asko gara gure euskalduntasuna indartu duguna Barandiaran, Altuna. Lekuona eta beste hainbat jakintsuen lanei esker. Mito eta kobazuloetako gizakien bila joan ziren haiek euskararen eta euskal kulturaren aztarnak aurkitzeko. Ez zen beharrezkoa; hori baino garrantzitsuagoa baitzen jada euskaldunak baginela; halabaina, ez zen beharraren kontu bat, aztarnak han zeuden, bertaraino joan ziren, eta inork ez du zalantzan jarri haraino joan izana ikertzaile hauen ekarpena goresteko.
Ez da gauza bera gertatzen euskaldunok sortutako egitura politikoei buruz ikertzen duten adituekin. Erdi Aroraino joan ohi dira, nafar erresumaren sorreraraino, bertan baitaude euskal-nafarrok sortutako estatu independentearen lehen aztarnak; kritikatu egiten zaie: ez da beharrezkoa, diote, garrantzitsuagoa baita antzinako istorioak baino gaur egun euskaldunok burujabetasuna nahi izatea.
Afera, ordea, ez da Erdi Aroraino joatea beharrezkoa den ala ez, gure estatu-eskarmentuaren lehen aztarnak han daudela baizik. Herri honek zergatik nahi duen burujabetasuna edo independentzia galderaren erantzun zuhurra, zientifikoa, nekez eman daiteke gure historiaren aldi hori baztertuz, kobazuloetatik karlistaldietara eta Foruen paradigmara zuzenean salto eginez alegia.