Denbora iragan da urteroko zita burutu genuenetik, bainan ez nuke utzi nahi festa zoragarri hau posible egiten duten guziei gorazarre xume bat egin gabe.

Azaroko azken larunbata dagoeneko berezia dugu festa honen jarraitzaileek, urteko jai egun handienen parekoa, hutsegin ezinezkoa. Bainan festa hau deus ez litzateke haren sortzaile den Angel Mariezkurrena izan ez balitz, honen buru eta bihotzetik sortu baitzen lagun artean kantatzeko ohitura zaharrari horrelako espresabide bat eskaintzea. Honen arrakasta ikusirik, hainbat kantaldi antolatzeari ekin dio Angelek azken urteetan, ustekabean lehen lerroko kultur eragile bihurtu delarik. Txalo eta errekonozimendu berezi bat, Angeli. Euskal kulturak berarekin zor bat duela esatea ez zait sobera iduritzen lagun artean kantatzeko ohitura zaharra berriz sasoiko den honetan, honen biziberritzeko saiakeran aitzindari izan baitzen eratsundarra.

Hurrengoa Aitor Ibarra, Jalisko, tronpeta jotzaileari. Musikari ona bezain gidari bikaina. Jaiaren arima, Angelekin batera. Azken edizio honetan, osasun eragozpen batzurekin aritu bazen ere, ez zuen hutsik egin sunbillarrak. Txaloak birritan, beraz.

Ekitaldiaren hasieran omenaldia egin zitzaien jaialdiaren babesleei. Bereziki, Urzante, Arbizu eta Martiko etxeei. Pozgarria ez ezik, deigarria ere babesleetako bat Nafarroa hego-hegotik, erriberaren bihotzetik, Ebroren hego ibaiertzetik etorria zela ikustea. Txalo bat beraiei, eta gainerateko babesle guziei.

Txalo bat Aitorren gidaritzapean jardun zuten musikariei; Frantzis Santxotena, Txema? barkatu denen izenak ez oroitzea. Beren musika aireekin aise sortzen da kantu eta dantzarako gogoa.

Txalo bat Zubietako joaldunak, Leitzako dantzariak, Bankako Menditarrak, Aitor Mendiluze bertsolaria, eta Jaione Olazabal eta bere familiari (harrobi bikaina ari dira sortzen boz miresgarria duen Aresoko kantaria eta haren senarra!). Guztien ekitaldiek leku berezia irabazi dute Dantxarineako hitzorduan. Zenbat artista isil, eta maiz ezezagun, ditugun pentsarazi behar ligutekeen adiskide sorta.

Esker onezko txaloa Venta Peio eta Lugarana jatetxeko arduradun eta langileei, beren lana halako adietasunez burutzeagatik.

Eta beskarkada bat, azkenik, festa honetan parte hartzen duten guztiei, egun hau denen artean betetzen baitugu kantu, dantza, umore eta lagunartez. Oroitzapen bat ere parte hartu nahi luketen, bainan espazio faltagatik, sarrera txartel gabe geratu direnei. Izan ere, antolatzaileek ahaleginak eta bi egiten badituzte ere, Lugaranako jangela ederra txiki geratu baita etorri nahi luketen guzientzat, ekimenak lortu duen arrakastaren lekuko. Nork esan behar zion halakorik Angeli duela hamasei urte, Sunbillako elkarte batean, lehen kantu bazkaria antolatu zuenean!