Síguenos en redes sociales:

Abderraman Bah-En Ama!

Dagoeneko, ekainak 18 baditu. Udaberria bereak eta bi ematen ari da. Egunotako kezka, ordea, beroa da. Bestelako berrien gainetik eta azpitik, beroa. Bidean egunero gurutzatzen ditugun afrikarrak ohiko paisaia bilakatu dira; ez da gure arazoa.

Bitartean, Abderraman bazetorren Afrika urrunetik, berak jakingo zuen nola eta nongo bideetatik, berak jakingo zuen norekin eta nolatan, berak jakinen zuen jaioterria, etxea, gurasoak, senideak, lagunak, erreka, mendia, ostertza, ilargia, basoa… azkenekoz utzi zituenean, bere baitako pentsamenduak nolakoak izan ziren.

Bitartekoak ere halakoak eta noren baitan eta zeren truke egin zuen amai ezinezko bidaia nekagarria, urruneko, entzundako, desiratutako, interneten ikusitako mundu berria eskuratzeko ahaleginetan; berak bakarrik jakingo zuen.

Aspaldiko kontuak dira eta noizbait iritsi egin behar eta heldu zen Euskal Herrira. Ordura arteko neke eta minak gutxi izanik, Europa izeneko izar dirdiratsuak gehiegi eta erabat erakartzen baitzuen.

Ametsak amets izanik, urritan bilakatzen dira egia, ordea.

Azkenik, Bidasoa izeneko ibai eder eta madarikatua igarotzea besterik ez zitzaion geratzen. Horretarako, hemengo laguntzaileen aholkuei, halabeharrez, muzin eginez, ustez errazena baino bortitzena zen aukera hartu zuen: ibaira jauzi egin eta bertan-bertan zirudien beste aldera iristeko asmotan hasi, baina usteak erdia ustel izaten direnez, ezkutuko ur-korronteak eta zoruko lohiak oztopaturik, herioari behin eta berriz bi begiak ikusi ondoren, ezinaren ezinez Nafarroako Baztanen jaiotzen den ibaiak irentsi zuen atzo egunsentian gure Abderraman.

Hona bitarteko oztopoak gainditu ondoren, Pausuko zubiko kontrol maltzurra ekiditearren hil da itota. Ez dago eskubiderik! Azkenekoa izan dadila Europa izeneko mundu librea deitzen diogun honetan!

Jakin ezazu, Abderramanen izpirituak geuregan eta, batik bat, bizi berriaren itxaropenaren bila joan eta datozen gizakiengan bizirik dirauela.

Atsekabean lagun, ama maitea!