Iruñaren Batasunaren pribilejioa Karlos III.ari zor zaio. Irailaren 8an, 602 urte bete dira Karlos III.a hil zenetik eta horren kari hainbat ekitaldi ospatu dira asteburu osoan zehar euskaldunon hiri buruzagian. Astelehen arratsean katedralera joan dira, aurreikusi bezala, udal ordezkariak, bertan baitautza ehortzita Karlos III.a eta Leonor. Mausoleoaren aitzinean dantza bat egin zaie Iruñeko Konpartsako eta Duguna dantzarien eskutik.
Egin, egin da, lehenago katedraleko deának omenezko dantza hori egiteko debekua ezarri zuen arren. Betoak atsekabea eragin zuen bai Iruñeko Udalean bai Konpartsako kide bai Duguna taldeko dantzariengan, eta baita Iruñeko jende askorengan ere. Baina zer da deán bat?
Katedraleko apaizak kalonjeak dira, eta horien buru, deán delakoa, labur azalduta. Antzina deán bat boteretsua zen oso. Erdi Arotik datozen kargu fosildu horiek, dela deána, kalonjea, apezpikua, artzapezpikua, kardinala, dukea, markesa, errege-erregina eta abarrek, egun ez dute jada garai bateko ahalmena, oraino gehiegi duten arren. Egoak hegoak ditu, eta apaiz zenbaitek jokatzen dute apetatsu, egoskor, aspaldi handian izan zuten botere izugarriaren hondarraren adierazgarri. Oraindik badirela nor erakutsi nahian dabiltza harrokeriak hauspotuta. Baina garai horiek ez dira sekula itzuliko, berorika mintzatzen gintzaizkien garaiak.
Iruñeko katedraleko deánaren jarrerak ume baten kasketa dakarkigu gogora. Ume maiontzi baten antzera, jadanik inork kasurik egiten ez diolarik, betoa du arma. Izan ere, inork gutxik daki deán bat badenik ere, arras galdua baitu antzineko itzala. Honezkero, inork kontuan hartzen ez duenez gero, umemoko temati bat balitz bezala, eskola-patioatik baloia eraman nahi izan du, baloia berea balitz bezala, mukizu kaskagor galtzaile baten gisara, partida galdu duelarik.
Jokaldi patetiko bat gogorarazteko, bera, dena dela, deána dela.