masa kritikorik gabeko tokietan ez da erraza euskaldunen ikusezintasuna haustea. Aspaldi honetan, kantua erabiltzen da gure hiri erdaldunetan bagarela erakusteko. Baiona Kantuz, lehenik. Iruñea Kantuz, gero. Orobat bada Tafalla Kantuz. Gure hiri buruzagian, azkena, joan den asteburuan. Kantuak abantaila begi bistakoak ditu. Ber-tze adierazpen batzuen erasokortasuna falta duenez, bertzeak erakartzeko aproposago dirudi. UPNro antieuskaldunena ere isilarazten du gure betiko kantutegiko ale eder batek. Kantuak, gainera, bere inguruan biltzeko bertutea du erdipurdikako hiztunak ere, are batere hiztun ez direnak ere; horrek errazten du jendearen partaidetza. Hainbat lagunen kanturako isuria bertze inon garatu ezinak ere zerikusia du halako ekintzen arrakastarekin. Antolatzaileek berek karrikarteko kantaldi hauen helburu bikoitza azpimarratu ohi dute, euskara modu atsegin batean plazaratu nahiari kantuzaletasunaren errebindikazioa gehiturik. Ez da harrigarria. Euskal Herrian, Hegoaldean bereziki, "gero eta gutiago kantatzen delako" kezka zabaldua dago euskaltzaleen artean. Anitzek Iparraldeko herri bazkarietako giroari bekaitzez begiratzen diote, han "oraindik" kantatzen baita, hemen ez bezala. Iragan mina pizten die jende parrasta bat ikusteak, boz eta aho batez, doinu eta letra berean, xaramelan. Ez ote da hori batasun amestuaren irudia? Nik, kontrara, zenbaitetan pentsatu izan dut euskaldunok kantua asmatu genuela, bertzeekin elkartzean gure iri-tziak eta gure sentipenak adierazi beharrik ez izateko. Ederresteko guti aurkitzen dut gisa horretako bazkalondoetan. Euskaldunak kantuz ari diren mahaian solas goxorik ez da, ez bertzearen ezagutza, ezta eztabaida ere. Gure kantaerak behar duen adostasunean ilundurik gelditzen dira norberaren bereizgarriak eta trabaturik iritzi trukaketa. Tamalez, kantua baztertu dugu, ikasi gabe elkarrekin mintzatzen.