Síguenos en redes sociales:

Berlin

Günter Grass idazle alemaniarrak Nire mendea izeneko ipuin liburua argitaratu zuen 1999an. Ehun kontakizun labur, guztira, XX. mendeko urte bakoitzeko bat. 1989koari dagokiona ez da bertzea baino luzeagoa. Honela du amaiera: "Izan ere, nolabait, bizitzak jarraitzen zuen". Hedabide batzuei kasu egitera, atzoko egunarekin, ongiak gaizkia garaitu zuen, duela 20 urte, Berlingo murrua erortzean. Bertze muturrean, denok ezagu- tzen ditugu atzokoa dolu eguntzat duten lagunak; ez dira noski hain guti gure euskal mundu bere(i)xian. Osasungarriagoa litzaiguke Danzig-eko nobel saridunaren eszeptizismoa geure egitea: mundua ez zen besta 1989ko azaroaren 9aren aitzin, baina hortik goitikoek ez dute paradisu bilakatu. Horrek ez dio, hala ere, erabakigarritasunik kentzen atzoko datari. Deitoratzekoak nahiz ospatzekoak, azken bi hamarkadatan gure zangopeko lur hau inarrosi duten gertakari gehienek hartan dute oinarri. Bloke komunistan nahiz kapitalistan, urtebete lehenago eroetxean sartuko zuten "babes murruaren" suntsipena iragartzen zuena. Halaxe oroitarazi digute 20. urteurren honen harira. Bertze kontu bat, nabarmentzekoa: kasualitatearen eragina Berlingo ekialdeko auzo guztietatik Brandenburgoko ateraino jendetza ekarrarazi zuten gertakarien katean. Itxuraz, Errepublika Demokratikoko bigarren mailako politikari baten zalantzak zorabiatzerainoko abiadura eragin zion gure planetaren historiari. Geroztik halaxe baitugu, xirimola batean, II. Mundu Gerlaren ondoko mundu zurrun eta egonkorra. "Sozialismo errealaren" mendeko herrietakoa ez da duela bi hamarkada heriotza-agiria jaso zuen sistema bakarra. Kapitalismoaren nola-halako onurak bizi genituenendako ere gauzak ez dira berdinak izan. Duela 20 urte, ustekabea, ezegonkortasuna eta segurtasun eza sartu zen bat-batean gure bizitzan. Gauza berriak sortzeko baldintzarik hoberenak. Nik nahiago dut mundu hau, 1989ko azaroaren 8koa baino.