Telebistaz, hitz bi (edo hiru)
Bada marka, gero. Erkidego Autonomoko abertzaleek beren boikotarekin zigortu nahi duten telebista bera da Nafarroako euskaltzaleek saritako nahi genukeena. Surio eta enparauak espainolizatzen ari diren horrengatik beragatik ari gatzaizkio demandan Sanzen gobernuari, euskaltasunaren izenean ari ere. Borboiaren eguberri-kalaka emititzeagatik hainbertzek itzali dutena nahi genuke hemen trabarik gabe piztu. Ahantzia zitzaigun: gure planetek elkarrengandik gero eta urrunago marrazten dute beren orbita. Distantzia horretatik begiratuta, irrigarri puntu bat badu On Juankarloxen estreinaldiak txoritxoaren erresuman. Irrigarria, EiTBren jabe berrien tema, beren ikusleei leher edo zalaparta espainol estatuburua irentsarazteko. Eta irrigarria, orobat, gure aldeko anitzen arropa urratze ozenak. Espainiako erregeak eta berak ordezkatzen duenak gu bakoitzaren baitan pizten dituen amodio-gorrotoen antiojuetatik begiratu zaio auziari. Baditu ertz gehiago. Egun hauetan, konparaziorako, nabarmen gelditu da zein den Euskal Telebistaren hiru txorikumeetatik batzuei nahiz bertzeei axola zaien bakarra: ETB-2 erdalduna. Borboia mintzatu bitartean telebista iraungitzeko gonbitak irakurri ditut. Ez, ordea, kate euskaldunetara jotzeko deiak. Zertarako, pilotazaleez eta haurrez aparte inor guti oroitzen bada haietaz? Euskarazko telebista nahi dugu; auzoarendako, ordea, euskarazko literatura edo euskarazko prentsa bezala. Nafarroan berean, ETB errebindikatzen ari garenean ere, gero eta gehiagotan susmoa dut batez ereETB-2az ari garela. ETB-3 ez digute ikusten uzten. Ezta, nonbait, ikusten utziko ere, bi gobernuak ados jarriko balira ere. Inor ez da sorgortu hemen haur eta gazteen leihoa izateko sorturiko katea ere etxe nafarretan sartzearen aldeko oihuekin. Baina hori, beharbada, ez da han harrigarria, Foru Komunitateko euskaltzaletasun antolatuak bizi duen kolapsoa kontuan harturik. Hainbertze bataila galdu ondoren, baietz telebistarena hurrengoa izan.