Xabier Letek Planetariora ekarri zuen, duela bi urte, Egunsentiaren esku izoztuak bere azken olerki bilduma. Iruñean gutitan ikusi da hainbertze jende euskal liburu baten aurkezpenean. Urteak zituen isilik poeta eta kantari ohiak, eta bere betiko miresleek ez zioten hutsik egin hura berriz ikusteko eta en-tzuteko paradari. Mikel Laboa zendu berria zen; pasaitarraren oroitzapenak lekua izan zuen ekitaldi hunkigarri hartan.

Izarren hautsa entzunarazi zigun megafoniak, Mikelek kantatu baina Xabierrek idatzi zuen abestia. Liburu berriko atalen irakurketan ere, heriotzaren itzala ibili zen gure gainean hegaldaka. Aurreikuspenaren kutsua zuen Leteren maiteen eta batez ere haren emazte Lurdes Iriondoren galera gai nagusitzat zuen poesia sortak. Ez dok amairu taldean baziren gauzatzaileak eta baziren gogoeta egileak.

Lete bietan aritu zen. Kultur ekintzaile, zutabegile, saiogile, politikari ere bai bolada labur batean, eta bereziki poeta. Zenbaitek ez zuen Xabierren eztarri lakarra maite, baina euskal kantagintzaren letra gogoangarrienetariko batzuk haren eskuek ondu zituzten. Bertzeen uztaz baliatzen ere, maisu. Kanpoko idazleen ekarle eta egokitzaile aparta izateaz gain, bertso zahar anitzi berak eman zien boza. Leteren zakuan denetarik sartzen zen: Lizardi edo Bretch, Txirrita eta Rilke. Eritasunak agertokietatik betikoz erretirarazi aitzin, bertsolari handien lanek osatu zuten haren azken kantaldietako errepertorioa. Xabier mendratzea litzateke, dena den, haren kontzientzia kritikoaz ahanztea.

Euskal kulturgileetan lehenbizikoetarik izan zen desadostasuna adierazten herri honetako bortizkeria giroarekin. Zer errana eman zuen Maite zaitut, Euskadi haren kantak. Alde horretatik ere, Lete urradurak bizi izan zuen. Beti izan zuen, ordea, iluntasunean argia bilatzeko nahikundea. Laboaren irriño xaloaren ifrentzua da Leteren goibeltasun mindua; txanpon baten bi aldeak; mugimendu baten bi aurpegiak. Bien kume da egungo euskaltzaletasuna.